Tintin eta bineta misteriotsua

Tintin Ameriketan albuma birritan argitaratu da euskeraz, 1972 urtean, Etor argitaletxearen eskutik eta 1989 urtean, Elkarren eskutik . Edizio bien arteko konparaketa eginez funtsezko ezberdintasun batez ohartu gara: 47. orriko azkeneko binetan emakume beltz baten ordez zuri bat agertzen da 1989ko edizioan.

Hergék Tintinen istoriotxo hau Le Petit Vingtième aldizkarian atalka hasi zen argitaratzen 1931eko irailean, eta urtebetez baino gehiagoz luzatu zuen lana. 1945 urtean zintak batu eta koloreztatu egin zituzten eta album formatuan kaleratu zuen Castermanek. 1945 urteko edizio horretan 47. plantxaren amaieran emakume beltz bat ageri da besoetan haur bat duela, hau ere beltza.

Dirudienez 1973 urtean Castermanekoek erabaki zuten Estatu Batuetan argitaratu behar zen edizioan bineta hori aldatuko zutela. Emakume beltzaren ordez emakume zuri bat ezarri zuten “arraza-mistotasuna” saiesteko. Ondorengo edizio guztietan horrela mantendu da, Elkarren 1989ko edizioan adibidez. 1972ko Etor-en edizioan, aldiz, jatorrizko bineta ikus dezakegu.

Roald Dahl efektua

Sarean Roald Dahlen izena egunotan askoren ahotan dabil. Norbaitek –Puffin argitaletxeko editore bizkorren bat seguraski- idazlearen testuetako pasarte batzuk aldatzea erabaki du, gaurko umeentzat egokiagotuz. Roald Dahl 1990 urtean hil zenez, badakigu aldaketok egilearen baimenik gabe egin dituztela *. A posteriori politikoki zuzena izateko gogoak baditu bere ajeak. Nahiko eztabaidagarriak dira aldaketak, batez ere egilearen onespenik ez dagoenean. Hala ere, badakigu Tintin seriaren kasuan Hergék aldaketak onartu zituela edo onartu behar izan zituela.

*Nahiz eta, jakin berri dugunez, Puffinekoek erabakian atzera egin dute eta azkenean afera marketin-jokaldi trebe batean baino ez da geratu.  

Etor argitaletxearekin euskal komikia garai berri batean sartu zen

Tintin Ameriketan  Etor-en lehenenago edizioa garrantzitsua da euskal komikiaren historian. Hura izan zen publikatu zen lehendabiziko komiki-albuma. Ordura arte prentsako tirak eta komiki-aldizkariak izan ziren komikien euskarri bakarrak. Tintin Ameriketan gure komikigintzaren fase berri bat zabaldu zuen.