Alvaro Matxinbarrena: Ipurbeltzetik pasatu zen artista polifazetikoa

Pasa den astean Alvaro Matxinbarrenaren Wild is the wind erakusketa itxi zen Iruñean. 1970eko hamarkadatik lanean dabilen artista da Matxinbarrena, eta Berria egunkariak gogoratzen duenez “haren obrak hainbat museotan egon dira ikusgai, hala nola Madrilgo Reina Sofia museoan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eta Quitoko Arte Garaikideko museoan”. Komikerira dakargu, aldiz, Alvaro Matxinbarrena 80ko hamarkadan euskal komikigintzan nabarmendu zen egileetako bat izan zelako.

Komiki eta ilustrazio alorreko lana

Iruñeako arte erakusketak gogora ekarri digu Alvaro Matxinbarrenaren komikilariaren izena. Egia da haren komiki lanak Ipurbeltzen argitaratu zirela 1980 hamarkadaren erdialdetik aurrera, eta hortik kanpo ez zuela beste inon argitaratu. Ezagunak dira, ordea, liburu ilustrazio alorrean, batez ere 80 eta 90. hamarkadetan, Matxinbarrenak hainbat egileentzat egindako lanak. Besteak beste, Joxe Arratibel, Patxi Ezkiaga edo Pako Aristi liburuak ilustratu ditu Alvarok. Bere lanak zuen modernotasun puntu eta berezitasun estetikoagatik bada ere, azpimarratzekoa da Matxinbarrenak komikigintzan egin zuen lana.

Ipurbetz, 96. zkia (1985) © Matxinbarrena

Ipurbeltzen, Txomin eta Telmo pertsonaien sortzailea

Elitxu izeneko pertsonaia sortu zuen Alvarok 90. hamarkadaren hasieran. Baina komikiaren formatua baino, ipuin ilustratuen tankerako kontakizunak ziren Elitxurenak. Askoz interesgarriagoak izan ziren, gure ustez, urte batzuk lehenago jorratutako Txomin eta Telmoren bidea.

Txomin eta Telmorenak fantasiaz betetako istorioak ziren, trebetasun grafikoz eginak. Haren estiloak bazuen 80. hamarkadako nazioarteko komikiaren korronte berrien ukitua. Korronte berritzaile hauen bitartez mundu piktorikoaren kontzeptuak sartu ziren komikiaren barrutira. Erreparatu, adibidez, Telmo txakurraren diseinu grafikoan. Ez al dago kubismoaren eragin nabarmen bat haren diseinuan? Agian gehiegi esatea da, baina… ez al du Telmok ahaidetasun grafiko bat urte batzuk geroago famatua bihurtuko zen Mariscal disenaitzalearen Cobirekin? Txakurraren irudiaren tratamendu geometriko bera dago kasu bietan.

Baina, esan dugunez, Matxinbarrenak komikian egindako bidea ez zen oso luzea izan. Baina, hala eta guztiz ere, haren ekarpena garrantzitsua izan zela uste dugulako gogoratu dugu gaur Komikerin.