Natasha, bihar aurkezpena Donostiako Komikigunean

Bihar Donostiako Komikigunean Natasha eleberri grafikoaren aurkezpen ofiziala egingo da. Han izango dira komikiaren egileak: Koldo Almandoz (gidoigilea) eta Aritz Trueba (ilustratzailea). Koldo Almandoz 90 hamarkadan Napartheid fantzine mitikoaren parthaidea izan zen, Odlok bezala sinatzen zuen. Zitroi ur komikiak lan kolektiboaren koordinazio lanetan ere aritu zen. Ondoren, komikian baino, zinemagile eta kazetaria bezala nabarmendu da Almandoz. Aritz Truebaren lana ezagunagoa da guretzat, azken boladan Bujan komikiak izan duen oihartzun zabalaren eraginez.

Aipatu behar dugu gainera Farmazia Beltza argitaletxearen lana. Komiki berriak argitaratuz bide interesgarri bat zabaltzen ari da. Hau argitaletxearen bosgarren komikia dugu.

Aurkezpenaren informazioa:

KOMIKIGUNEA: “Natasha” komikiaren aurkezpena
Ostirala, 27. Maiatza 2022, 11:00 – 12:00
Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako komikiaren aurkezpena: “Natasha” Partaideak: Koldo Almandoz (gidoia) eta Aritz Trueba (marrazkia) (Hizkuntza: euskara)

Jacob, gaueko argi-ilunak

Post berri honetan 2021ean argitaratutako komikiak aztertzen jarraitzen dugu. Oraingoan Txalapartak publikatutako Jacob, gaueko langilea liburuarekin gatoz. Alexandre Jacob nor izan zen ezagutuko du komikia irakurtzen duenak. Hori behintzat da Léonard Chemineau ilustratzaile eta Matz gidoilariaren asmoa, Alexandre Marius Jacob anarkistaren bizitza ezagutaraztea eta zabaltzea.

Jacob, gaueko langileak

Alexander Jacob  eta bere lapur taldea ospetsua bihurtu zen Belle Époque garaian. Kazetariek gaueko langile ezizenez bataiatu zituzten, izan ere, Robin Hooden izpiritu berarekin, aberatsei lapurtzen zieten eta lortutakoa txiroen artean banatzen zuten.

Istorioa Amiens-eko auzitegian, 1905ean, akusatuaren eta akusatzailearen arteko pultsu dialektiko zorrotz batekin hasten da. Akusatua Jacob da. Ondorengo orrietan akusatzailearen eta akusatuaren arteko eztabaidan sartzen diren flashback-ek osatzen dute komikiaren egitura nagusia. Ontzi-mutil bezala ontziratu eta Jules Verneren liburuak itsasora bota zituenekoa bete du lehen kapitulua. Mundua ez zen Verneren nobelek irudikatzen zutena, ez. Bortxaketa saiakera bat jasan ondoren Sydneyn desertatu eta itsaslapur bilakatu zen… geroago, lehorrean berriz, tipografoaren lanbidea hartu zuen. Anarkisten ideiak ezagutu eta xurgatu zituen eta ideiok bere erara aplikatu zituen. Epailearen mailuak mahaia jotzen duenean flashback guztiak amaitzen dira. Hortik aurrera Jacobek, testu-kaxetatik, bere historia zuzenean kontatzen dio irakurleari.

Bere amak Jakobentzat duen garrantzia agerian geratzen da komiki osoan zehar

Ama

Goi-klaseen “desjabetzaile” gisa egindako ibilerez gain, azpimarratzekoa da, maila pertsonalean, Jacoben bizitzan bere amak duen garrantzia. Bai haurtzaroan, bai espetxealdian, bai alargun-aldian… sarritan agertzen da amaren figura komikian zehar, eta harreman estu horrek, nolabait, pertsonaia gogorrari itxura samurrago bat ematen dio. Bere amari egindako dedikatoria batekin ere zabaltzen ditu bere memoriak liburua – komikiaren bibliografian aipatzen den Alexandre Marius Jacob, écrits -.


Marrazkia, iturriak…

Chemineauren marrazkera klasiko eta txukuna da, batzuetan bikaina izatera iristen da ere. Agian bere lanik onena bere opera prima Les amis de Pancho Villa izan daiteke, baina hala eta guzti ere liburu honetako irudi garbiek erraz eramaten gaituzte Jacoben biografiaren pasarte garrantzitsuenetan barrena. Biografia eraikitzeko Matz gidoigileak erabili dituen iturri nagusiak azken orrian aipatzen dira eta hoien artean gorago aipatu dugun Alexandre Marius Jacobs, écrits dago. Eta aipatzekoa da, baita ere, komikia argitaratzen duen Txalaparta argitaletxeak berak, 1991 urtean, argitaratu zuela Bernard Thomasen Jacob, recuerdos de un rebelde liburua. Biografia hori osagarri ezin hobea izan daiteke komikia irakurtzeko, nahiz eta biografia nobelatua izan.

Hollywood estiloko amaiera

Baina Hollywoodeko filmetan bezala komiki honetan errealitate historikoa kontsumitzailearen gustura bihurritu, egokitu eta tolesten da. Jacob, gaueko langileak liburuaren azken atalean debaldeko tesi “historiko” bat ematen digu Matzek, Jacobek Bartzelonara 1936an egin zuen bidaiaren aitzakira. Tesi horren arabera Espainiako Errepublikaren galera komunisten eskutik etorri zen, “komunistek anarkistak saldu zituztelako” eta okerrena, Matz gidoigileak tesi hori Jacoben ahotan jartzen duela da. Baina kontua da Jacoben memorietan Bartzelonan egon zenik inon ez dela aipatzen, eta Pepitas de Calabaza argitaletxearen edizioan, Por qué he robado y otros escritos, epilogoan, Bartzelonan egon zela ere ezin dela ziurtatu azaltzen du. Hauxe dio epilogo horrek: “demuestran una vez más de qué forma se tejen en la historia las falsedades al conjeturar determinados comportamientos cuando se carece de la prueba documental pertinente” (255. orr.). Beraz Jacob Bartzelonan egon zela nekez sinets dezakegu, eta nekezago oraindik egiten zaigu hitz horiek edo antzekoak esan zituenik sinestea. Komiki biografiko batean fikzioak ere lekua izan dezakeela argi dago, baina fikzioa eta faltsukeri tranpatiaren artean alde handia dago.

Jacob, Bartzelonan?

Matzi, antza, ez zaio komeni jakitea Espainiako Errepublikaren galera batez ere mendebaldeko gobernu demokratikoen eskutik heldu zela. Leon Blumek, Frantziako “ezkerreko” gobernu baten buruak, eta Anthony Edenek, Britania Handiko lehen ministroak, biek batera, Comite de no intervención  sortu zutenean, 1936ko abuztuan, heldu zela galera. Comite horren ondorioz espainiarren II. Errepublika zuzenean zulora joan zen. Erakunde anarkisten borrokaren erabateko idealizazioa oso erakargarria izan arren, inork eztabaidatzen ez dituen meritu itzelen ondoan -nahi duenak Urbieta kaleko borroka komikia irakur dezake- ezkerreko beste mugimenduek bezala, borroka horrek izan zituen batzuetan hain distiratsuak ez ziren alde batzuk ere. Dena ez zen heroismo erromantikoa izan. Errepublikano abertzale katalanisten jazarpena adibidez – Carrasco i Formigueraren kasua adibide esanguratsu bat da- edo Francoren alde, Casado jeneralak zuzendutako estatu-kolpean anarkistek izan zuten parte hartzea ere hor dago.

Argia eta ilunaren kontrastea ez da bakarrik zuri-beltzeko komikietan ikusten. Jacob, gaueko langilea bezalako komiki koloretsuetan kontrasteak daude eta kontrasteak behatu eta dastatzea da gure plazerra.