Euskaldunak erdal komikietan (X): Subh al-baskunsiyya

Nor zen Subh al-baskunsiyya?

Kordobako kalifato boteretsuen zegoen garaian, duela ia hamaika mende, Al-Andalus-etik espedizio militarrak,  edo azeifak,  antolatzen ziren penintsula iparraldeko erreinuen kontra. Halako azeifa batean, orduko Kordobako kalifak, Al-Hakim II.ak, geroago Nafarroa deituko zen  lurraldea suntsitu eta makina bat esklabo hartu zituen. Gatibu horien artean bazen hamar bat urteko neskato bat, aparteko istorio bat biziko zuena. Subh.

 

Aurora iturri kristauetan, edo Subh al-baskunsiyya iturri arabiarren arabera, ez zen esklabu bat gehiago izan. Subh,  kalifaren harenean hazi zen. Nafarroan jaiotako emakumea, kalifaren kuttuna bihurtu zen eta ondorengoaren ama. Denboraren joanean Al-Andalus-eko emakumerik boteretsuena izatera iritsi zen.

Subhek kalifatoaren jarraipena ziurtatu zuen Al-Hakimen bi seme erdituz: Abd-el-Rahman (962) eta Hixam (965). Lehena goiz hil zenean, bigarrena Kalifa izendatu zuten hamaika urte besterik ez zituenean.

Al-Mansur versus Subh al baskunsiyya

Subh alarguna eta hamaika urteko Kalifaren ama izanik estrategia ezberdinak abian jarri zituen bera eta bere semea Al-Andalusen buruzagitzan mantentzeko. Horretarako Al-Mansur izeneko funtzionario gazte batez baliatu nahi izan zuen Kordobako aristokrazia handizaleari aurre egiteko. Baina Al-Mansur-ek boterea bereganatuz joan zen eta  sekulako pultsu politiko bat  gertatu zen Subth eta Al-Mansur-en artean, X. azken urteetan.

La bibliomule de Cordove, komikia

Aipatu ditugun osagai historikoak erabiliz, Wilfrid Lupano gidoigileak X. mendeko Al-andalusean kokatu duen istorio bat asmatu du: Tarif eta Lubna liburuzainek  400000 liburu inguru zituen Kordobako liburutegi famatuko liburu esanguratsu batzuk salbatu nahi dituzte mando egoskor bat erabiliz. Al-Mansur boterera igo zen momentuan erre behar zirela liburuok erabaki zuen, ulema malikarren gomendioz, hots orduko agintari erlijiosoen gomendioz, batez ere ortodoxia islamiarra zalantzan jartzen zutenak. Gai honen inguruan Leonard Chemineauk 256!!! orri marraztu ditu.

Subthek oso bigarren mailako papera komikian

Baina Subthek mereziko lukeen protagonismoa ez du istorioan eta oso bigarren mailako pertsonaia bihurtu du Lupanok. Ez zen hori horrela izan, berriz, benetako historian. Badakigu bere agintaldiaren azken fasean. Hixam-en Kalifaren ama bezala, Al-Andalusen botere politikoa bere eskuetan izan zuela.

Komikia modu atseginean irakurtzen da, hala ere, liburuaren erditik aurrera, ideia urritasunengatik akaso edo duen luzeragatik, interesak pixka bat behera egiten du.

Jacob, gaueko argi-ilunak

Post berri honetan 2021ean argitaratutako komikiak aztertzen jarraitzen dugu. Oraingoan Txalapartak publikatutako Jacob, gaueko langilea liburuarekin gatoz. Alexandre Jacob nor izan zen ezagutuko du komikia irakurtzen duenak. Hori behintzat da Léonard Chemineau ilustratzaile eta Matz gidoilariaren asmoa, Alexandre Marius Jacob anarkistaren bizitza ezagutaraztea eta zabaltzea.

Jacob, gaueko langileak

Alexander Jacob  eta bere lapur taldea ospetsua bihurtu zen Belle Époque garaian. Kazetariek gaueko langile ezizenez bataiatu zituzten, izan ere, Robin Hooden izpiritu berarekin, aberatsei lapurtzen zieten eta lortutakoa txiroen artean banatzen zuten.

Istorioa Amiens-eko auzitegian, 1905ean, akusatuaren eta akusatzailearen arteko pultsu dialektiko zorrotz batekin hasten da. Akusatua Jacob da. Ondorengo orrietan akusatzailearen eta akusatuaren arteko eztabaidan sartzen diren flashback-ek osatzen dute komikiaren egitura nagusia. Ontzi-mutil bezala ontziratu eta Jules Verneren liburuak itsasora bota zituenekoa bete du lehen kapitulua. Mundua ez zen Verneren nobelek irudikatzen zutena, ez. Bortxaketa saiakera bat jasan ondoren Sydneyn desertatu eta itsaslapur bilakatu zen… geroago, lehorrean berriz, tipografoaren lanbidea hartu zuen. Anarkisten ideiak ezagutu eta xurgatu zituen eta ideiok bere erara aplikatu zituen. Epailearen mailuak mahaia jotzen duenean flashback guztiak amaitzen dira. Hortik aurrera Jacobek, testu-kaxetatik, bere historia zuzenean kontatzen dio irakurleari.

Bere amak Jakobentzat duen garrantzia agerian geratzen da komiki osoan zehar

Ama

Goi-klaseen “desjabetzaile” gisa egindako ibilerez gain, azpimarratzekoa da, maila pertsonalean, Jacoben bizitzan bere amak duen garrantzia. Bai haurtzaroan, bai espetxealdian, bai alargun-aldian… sarritan agertzen da amaren figura komikian zehar, eta harreman estu horrek, nolabait, pertsonaia gogorrari itxura samurrago bat ematen dio. Bere amari egindako dedikatoria batekin ere zabaltzen ditu bere memoriak liburua – komikiaren bibliografian aipatzen den Alexandre Marius Jacob, écrits -.


Marrazkia, iturriak…

Chemineauren marrazkera klasiko eta txukuna da, batzuetan bikaina izatera iristen da ere. Agian bere lanik onena bere opera prima Les amis de Pancho Villa izan daiteke, baina hala eta guzti ere liburu honetako irudi garbiek erraz eramaten gaituzte Jacoben biografiaren pasarte garrantzitsuenetan barrena. Biografia eraikitzeko Matz gidoigileak erabili dituen iturri nagusiak azken orrian aipatzen dira eta hoien artean gorago aipatu dugun Alexandre Marius Jacobs, écrits dago. Eta aipatzekoa da, baita ere, komikia argitaratzen duen Txalaparta argitaletxeak berak, 1991 urtean, argitaratu zuela Bernard Thomasen Jacob, recuerdos de un rebelde liburua. Biografia hori osagarri ezin hobea izan daiteke komikia irakurtzeko, nahiz eta biografia nobelatua izan.

Hollywood estiloko amaiera

Baina Hollywoodeko filmetan bezala komiki honetan errealitate historikoa kontsumitzailearen gustura bihurritu, egokitu eta tolesten da. Jacob, gaueko langileak liburuaren azken atalean debaldeko tesi “historiko” bat ematen digu Matzek, Jacobek Bartzelonara 1936an egin zuen bidaiaren aitzakira. Tesi horren arabera Espainiako Errepublikaren galera komunisten eskutik etorri zen, “komunistek anarkistak saldu zituztelako” eta okerrena, Matz gidoigileak tesi hori Jacoben ahotan jartzen duela da. Baina kontua da Jacoben memorietan Bartzelonan egon zenik inon ez dela aipatzen, eta Pepitas de Calabaza argitaletxearen edizioan, Por qué he robado y otros escritos, epilogoan, Bartzelonan egon zela ere ezin dela ziurtatu azaltzen du. Hauxe dio epilogo horrek: “demuestran una vez más de qué forma se tejen en la historia las falsedades al conjeturar determinados comportamientos cuando se carece de la prueba documental pertinente” (255. orr.). Beraz Jacob Bartzelonan egon zela nekez sinets dezakegu, eta nekezago oraindik egiten zaigu hitz horiek edo antzekoak esan zituenik sinestea. Komiki biografiko batean fikzioak ere lekua izan dezakeela argi dago, baina fikzioa eta faltsukeri tranpatiaren artean alde handia dago.

Jacob, Bartzelonan?

Matzi, antza, ez zaio komeni jakitea Espainiako Errepublikaren galera batez ere mendebaldeko gobernu demokratikoen eskutik heldu zela. Leon Blumek, Frantziako “ezkerreko” gobernu baten buruak, eta Anthony Edenek, Britania Handiko lehen ministroak, biek batera, Comite de no intervención  sortu zutenean, 1936ko abuztuan, heldu zela galera. Comite horren ondorioz espainiarren II. Errepublika zuzenean zulora joan zen. Erakunde anarkisten borrokaren erabateko idealizazioa oso erakargarria izan arren, inork eztabaidatzen ez dituen meritu itzelen ondoan -nahi duenak Urbieta kaleko borroka komikia irakur dezake- ezkerreko beste mugimenduek bezala, borroka horrek izan zituen batzuetan hain distiratsuak ez ziren alde batzuk ere. Dena ez zen heroismo erromantikoa izan. Errepublikano abertzale katalanisten jazarpena adibidez – Carrasco i Formigueraren kasua adibide esanguratsu bat da- edo Francoren alde, Casado jeneralak zuzendutako estatu-kolpean anarkistek izan zuten parte hartzea ere hor dago.

Argia eta ilunaren kontrastea ez da bakarrik zuri-beltzeko komikietan ikusten. Jacob, gaueko langilea bezalako komiki koloretsuetan kontrasteak daude eta kontrasteak behatu eta dastatzea da gure plazerra.