Sugea kantari

Habeko Mik izeneko aldizkaria pasadan mendeko 80. hamarkadan euskal komiki produkzio urrian erreferente nagusietako bat izan zen, (eta atzera begiratzen dugunean oraindik dela esan beharko dugu). Bertatik gerora sona handi hartuko zuten autoreak pasatu ziran. Helburu pedagogiko nabarmenekin HABE erakundearen eskutik zihoan bihilabetekaria. Argi ta garbi bere kredituetan helburu horiek agerikoak ziren: “Euskaraz ikasten ari garenon komiki-aldizkaria” .

Aldizkari honen aipamen berriak seguruenik gehiagotan  ekarriko ditugu Komikerira, baina gaur HABEKO MIKek  noizbehinka argitaratu zuen “ale berezietariko”  bat aukeratu dugu, Sugea Kantari .

Euskal historiaren barna garamatzan kontakizuna dugu Sugea Kantari, zehazkiago euskal komikigintzarako  horren etekin eskasa atera zaion Erdi-aroan dabil istorioa jira-biraka. Oro har esan dezagun euskal historiaren aro gehienak  ustiatuegiak ez direla izan, batez ere euskal produkzioaren urritasunagatik. Eta  ondo begiratuta Erdi Aroan kokaturik behintzat baditugu istorio batzuk… bai…  Gartxot (Arturo Kanpionen pertsonaiaren bertsio bikoitza, bat Urmenetarena  eta bi Joaquin Resanorena)Ikusagerrek argitaratutako Orreaga bat ere badugu… Agian portzentajetan ez da produkzio horren eskasa izango, baina ezinezkoa den konparaketa bat egitearren, Frantziako merkatuak bai ondo baino hobeto aprobetxatu dituztela euren Bande Dessineetarako  bere historiatik ateratako garai gehienak, gertuenak eta urrunenak, Erdi Aroa kasu. Gaiarekin jarraituz, badira Frantzian komiki historikoetan oinarritutako komiki azokak ere, Senlisekoa adibidez.

Behintzat Sugea kantari bezalako komikiek gogora ekartzen digute gaien aldetik euskal komiki historikorako badagoela gutxi ustiatu den harrobia.  XIV eta XV mendeen artean lehertu zen bandoen arteko gatazkena adibidez, eta gai hori da Sugea Kantari  komikiak dakarkiguna. 1990. urtean argitaratu zen liburuak izen entzutetsu biren sinadura darama azalean: bat Mario Onaindia bi Jon Juaristi gidoilariak bezala. Irudi lanetan berriz Jose Ibarrola ibili zen.

Sugea Kantarik lan borobil bat burutzeko osagai guztiak ditu: kategoriko idazle bi,  mitologian oinarritutako fikzio bat, heroien generoarekin lotu daitezkeen banduen arteko amaigabeko borrokak, eta  ilustraziorako Ibarrolaren trebetasuna (ikustekoak dira adibidez komikiaren 48-49 orrialdeak)…Baina sekulako komikia izan zitekeenari, azkenean erdibidean geratu izan denaren sentsazioa hartzen diogu. Hitzaurrera erudizioz josita dator gidoilaria, Jon Juaristi, baina erudizio hori, komikiaren  gidoia irudietan gauzatzeko orduan ez du laguntzen . Ibarrolak berak aitortu zuen Juaristiren gidoia literarioegia zela eta neke latza jasan zuela  istorioaren ikusizko bertsio soila emateko (286. orrialdea.  “Habeko mik 1982-1991” Juan ,Manuel Díaz de Guereñu, Astiberri ).

Komiki tradizioan ohiko diran baliabideetatik aldendurik (adibidez ez dira komikietan arruntak diran onomatopeiak erabiltzen) istoriaren ildoan logika piktorikoa nagusitzen da, gertaeren kontaerari indarra  kenduz.  Baliabide hoiek puntu batzuk edo gertaera batzuk azpimarratzeko balio dute, tentsioa sortu edo momentu batzuk nabarmentzeko. Eta kasu honetan komiki isil baten aurrean gaudelaren sentsazioa nagusitzen da.

Baina hala ere, esandakoaren gainetik “Sugea Kantari” euskal komiki historikoan badu bere tokia, lan ona dela seguru, alde historikoa ondo landu duelako (adibidez dekoratuak, jantziak, pertsonaien psikologiak) eta guzti hori fikzio interesgarri batekin primeran lotu eta irudikatzen duelako Jose Ibarrolak.

Lan osoa irakurtzeko aukera orain Habek  bere webgunean jarri du, ikusi nahi baduzu sakatu ondorengo loturan:

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.