Zakilixut

1977ko irailaren 29an Egin egunkarian Zakilixut izeneko pertsonaia agertu zen . Ondo baino hobeto gogoratzen dugu orduko Zakilixut, oraindik mutil koxkortsua zelarik, Lemoiz eta Debako zentralen proiektuen kontrako manifetan,  edo bizaldi deskapotablean, ezpainetan txirria eta irria, buruan txanoa, sarritan neska-lagunagaz oheren batean edo euskal baso ederrenean olgetarako prest beti. Tumatxa, hi!

Baina denontzat doaz urteak aurrera eta baita Zakilixutentzat ere. Zakilixut ez delako beste komikietako pertsonaia batzuk diren modukoa, zurrunak edo bizitzan zehar aldaera gabekoak. Fikzio pertsonaia izan arren bizi-zikloaren bilakaera nabarmena izan da pertsonaia honetan, gorputzez zein gogoz, denbora luze honetan, Zakilio jauna aldatzen joan baita. Gizondu eta gizendu zaigu. Aspaldi honetan, aburgesatu samar dabilela ere esan dezakegu.  Ez ditu honezkero txirriak erretzen, eta ez du larrurik jotzen kanadar ez iglu dendetan,  Bilboko atiko estua Donostia erdialdean ondo kokatutariko pisu dotore batengatik aldatu duela pentsa dezakegu.

Zakilixut mugikorren aurreko garaietan

Baina bizi, benetan bizi, Berria egunkariko kontrazalean bizi da Zakilio pozarren (astelehenetan izan ezik). Egunkarietako kaiolatxoak izan baitira berez Zakilixuten bizitoki naturalak. Bineta bakarreko kaiolatxoak, edo gehienez jota, bineta bi edo hirukoak. Beti zinta edo tiretako espazio mugatuetan hertsiturik bizi izan da gizajoa. Beti? Ez, ia beti.

1988an Antton Olariagak, pertsonaiaren aitak,  osteratxo bat egitera irten zedin, kaiolatxoaren atea zabaldu zion Zakilio jaunari.  Ereinek argitaratutako 96 orrialdeko album txukun eta dotore batean zehar hara eta hona ibili zen ederto.

“Topaketak” izeneko istorioak zabaltzen du liburua. Agian “Ezinezko topaketa”  titulua egokiagoa litzateke bertan gertatzen dena ikusita. Zakilio jaunak gaueko txoko guztiak bisitatuko ditu Juana Bixenta lagunaren peskizan, baina topaketa, ezinezko topaketa, 36 orrialdeetan zehar luzatuz doa eta emaitza balizko tituluaren araberakoa gertatzen  da: ezinezkoa. Urteetan aurrera goazen irakurleentzat pub, dantzaleku eta antzeko gau-zuloetako kontuek badaukate nolabaiteko karga eta xarma nostalgikoa. Leporarte betetako tabernak, barneko tabakozko hodei trinkoa, ehizean dabilen gaueko fauna: komunerako bidean aurkitzen dugu Pernando Whiskytarra txiste kontalari aspergarria, edo  Zakilio jaunari Juana Bixentaren aztarna galaraziko dioten Sister ahizpak,    bitartean  Juana Bixenta bere kontura dabil. Paristik-datorren-artistarekin topo egin du eta “Sagastipola” pub famatura sartu da “kopatxo azkar” bat edatera… segapotoak asmatu aurreko garaietan oraindik kasualitateak bere papera jokatzen zuen . Kabinetako telefonoek ezin zituzten zita guztiak estuan lotu eta “libre albedrioa” argitu aurreko  goizaldeko orduetan jaun eta jabea zebilen.

“Sagastipola” pub famatuan “Jamaicak bat” taldea jo ta fuego. Musikaren erritmoa bineta guztien gainetik!

Liburu eder honen azken istoriotxoa “Udagau bateko ametsa da. Topaketak hemen badira posible eta efektiboak, eta  tortilan jandako onddo aluzinogeno gozoek landa-sexua oraindik atseginagoa bihurtzen dute.

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.