Azken garaipena

2011ko urrian argitaratua, hilabete bat beluago Getxoko azokan Xabiroi  eta Ikastolen Elkarteko standean aurkitu genuen, labetik atera berri-berria.  Iban Zaldua eta Julen Ribas han zeudela aprobetxatuz ale bat erosi genuen euren eskutik sinatutako dedikatoria eta guzti. Etxerako bidean, metroko ibilbide laburrean, lehenengo orrialdeak irakurri eta aitortu beharra dago liburuaren argumentuak erabat harrapatu gintuela.

Goazen harira. 2052.eko Germanian naziak daude agintean.  ”Ubide handian” hildako bat aurkitu dute. Sigrid Frisch tenientearen kasua da. Hiru pista ditu hildakoaren nortasuna eta kasuaren nondik norakoak argitzen hasteko. Bat, hildakoa zilborduna da zilbordunbako herrialdean, bi, garagardoz beterik du zilborraren barrukaldea, hau da sabela, hiru, bere eskubarruan tximurtutako paper puska bat aurkitu diote.

Zientzia fikzio eta gai poliziakoaren erdibidetik ederki darama Ibanek istorioaren trama, eta igartzen zaio literaturan daukan eskarmentu handia komikiaren alorrera primeran igarotzen dakiela. Irakurleak, Julenen irudi garbiaz  baliaturik, errez pasatzen du eszenatoki batetik bestera, hemen kontatuko ez dugun amaiera bitxi batera ailegatu arte.

Beraz esan bezala, momentuz hemen duzu zure gozamenerako, Iban eta Julenen “Azken garaipena”

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.