Ipurbeltz (1977-2008)

Euskal Herriko komiki aldizkari beteranoena izan zena, hogeita hamahiru urtez hilabetero Erein argitaletxearen eskutik plazaratu zen, zehazki 1977. urtetik 2008. urterarte.  “Euskarazko komiki bat sortzeko ideia ikastolen mundutik etorri zen, ikastolak euskaraz irakurtzeko gogoa bultzatuko  zuen zerbaiten bila baitzebiltzan” zioen Jose Lizundiak, 1976-1999 bitartean Erein Argitaletxeko zuzendaria izan zenak. Ume eta gaztetxoei zuzendutako aldizkariak etapa desberdinak igaro zituen. Julen Lizundia, Anjel Lertxundi , Antton Olariaga eta Jon Zabaleta ibili ziren hasiera batean aldizkariari itxura ematen.

Baina konpondu beharreko lehengo arazoa, arazo ekonomikoa izan zen. Euskaldunok hainbatetan erabili dugun eredurari jarraituz aldizkariaren harpidetza bultzatu zen. Eginkizun horretan ibili ziran Asentxio Ondarzabal eta Inazio Albixu burubelarri.

Hizkuntza erabilgarria eta erabilia izan zedin Ipurbeltzek bere ibilbidean mantendu zuen arduretako bat izan zen. Adibidez hikako hizkera bizia ezarriz zenbait pertsonaiari, edo euskal onomatopeiak jatorrak erabiliz, edo eguneroko egoera errealak erakutsiz… euskara jolas hizkuntza ere bazela agerian utzirik.

Hasiera batean erabateko komikia izan bazen,  geroago eskola giroari begiratzen hasi zen, batez ere haur txikien esparrura. Azkenean 2008ko ekainean eten zen Ipurbeltzen bidea behin betirako (aurretik Xirrixta eta Nanai aldizkariena eten zen bezala). Bukatu zen Ipurbeltz eta bai umeek eta bai Euskal Herriko hainbat gidoilari edo marrazkilari sentitu zuten haren galera.

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.