Pasa den asteburuan ospatu zen Hernanikomik jardunaldien lehen edizioa. Eguraldi kaxkarra izan arren, bisitari ugari jaso zituen Atsegindegiko aterpean jarritako komiki-azokak. Euskarazko komikia ardatz duen jaialdiaren baitan jarduera ugari egin ziren. Hernanikomik, datozen urteetan, komiki euskaldunaren erreferentziazko jaialdi bezala sendotzeko baldintza guztiak betetzen dituela uste dugu. Argazki batzuen bidez jarduera horien lagin bat duzue.
Salmenta postuak, komiki aurkezpenak, Jon Zabaletari emandako Joseph Camino saria eta berari eskainitako erakusketa eta liburua, tailerrak, bisitaldi gidatuak, zuzeneko marrazketa eta musika saioak. Denetarik izan zuen Hernanikomik komiki jaialdiak.
Uztailak 29 honetan Txema Larrea joan zeneko hirugarren urteurrena beteko da. Txema Larrea, Basauriko Lapatza auzoko semea, pentsalari zorrotza eta sailkaezina izan zen. Arpoilari fina letren itsaso zabalean. Jakintsua bezain eskuzabala, intelektual-diboaren prototipotik urrun zegoena, idazle bikaina eta irakurle arretatsua. Komikiak, tebeoak, fanzineak eta antzeko “sasi-literaturak” ere oso gustukoak zituen.
Txema Larrea 1995eko Ostiela aldizkariko bigarren zenbakiko argazki batean, Patziku Perurenak Larrearen “Eukaldungoa erroizturik” liburuari eskainitako bigarren artikulua ilustratu zuena.
Komiki-bilduma
Txemaren komiki-bildumaren parte bat gure eskuetara heldu zen urte hasieran (eskerrik asko Adur). Beste batzuen artean honako ale bitxiak dira heldu zaizkigunak: Euskadi Sioux fanzinaren ale bat; TXT, Argiaren komiki gehigarriaren hainbat ale; Napartheid fanxine batzuk; Ipurbeltz, Xabiroi, Habeko Mik… Ostiela aldizkari satirikoaren lehendabiziko zenbaki biak; Emedy komikigile lapurtarrak eskuz egindako komiki-koaderno bitxi bat…
Euskal komikiaren historia osatzeko bidean pieza berri eta baliotsuak izango dira hauek, eta oraingoan ere, Txemaren ekarpena eta laguntza funtsezkoak izan dira, aurretik hainbatetan izan zen bezala. Esker mila, Txema!
Zorionez gure komikigintzaren gaurko panoraman adin guztietarako egokiak diren gero eta komiki gehiago aurkitzen ditugu; baita ume eta gazteentzat ere. Artikulu honetan 2010-2020 urteen arteko gazte eta umeentzat komikiak aztertzen ditugu.
Irakurle beteranoenek gogoratuko duzue aspaldian komikiak, tebeoak, haurrentzako produktutzat jotzen zirela. Tebeoa, Hego Euskal Herrian zabaldu zen izendapena da, komiki-aldizkaritxo xume eta merke bat izendatzeko erabiltzen zena, gure haurtzaroan edozein herriko kioskoan ogerleko baten truke eros zitekeena. Egungo tebeoaren oinordekoak Xabiroieta Irria aldizkariak bihurtu dira. Baina orduko argitalpenen aldean kalitate askoz handiagoarekin inprimatzen dira gaurkoak; eta orduan baino askoz gehiago zaintzen da egileen autoretza. Gainera, Xabiroi aldizkariaren kasuan, aldizkaria album formako lan luzeagoak publikatzeko plataforma ere izan daiteke (hauxe izan zen bere garaian Tintin, Spirou,Pilote eta beste aldizkari franko-belgikarrak komikiak kaleratzeko estrategia) .
2006tik Xabiroi euskal komikigintzaren zutabeetariko bat da
Irria, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko hilabetekaria
Tebeoetatik eleberri grafikoetara
Euskaraz, Pan-pin, eta ondoren, Kili-kili eta Ipurbeltz tebeoek izan zuten berebiziko garrantzia. Baina 90eko hamarkadaren ondotik, ohiko komikigintzaren gainbehera heldu zen. 90. hamarkadaren bukaeran nazioarte mailan irakurle helduarentzat sortutako produktu “serioa” bihurtu zen komikia, nobela grafikoaren izenpean; komikigintza berriaren olatua atzerapenarekin Euskal Herrira ere heldu zen. Ordurako komikigintzak erabat galdua zuen irakurlego gaztearen estimua; ume eta nerabeak askoz interesatuago baitzeuden bideojokoetan, kontsoletan eta antzeko produktuetan.
Tebeotik eleberri grafikora, azken hamarkadetan komikigintzak izan duen bilakaera; haur-irakurleetatik irakurle helduetara… baina oraindik ere, zorionez, badute haur eta gazteek zer irakurri….
Arian-arian , haur-gazteentzako komikiek medioaren etorkizunerako hain garrantzitsua den espazioa berreskuratzen ari dira, 2015 urtetik aurrera, batez ere. Banan-banan, eta alfabetikoki ordenaturik, beherago aurkezten ditugu berpizte horren “errudunak” nortzuk izan diren.
Bilboko argitaletxeak baditu lehen irakurleentzat oso egokiak diren komikiak. Azpimarratzekoa da Waluk seriea. Waluk, klima aldaketara egokitzen ikasi duen hartz polarra da. Istorio samurrak dira Emilio Ruizek sortu dituenak, eta Ana Mirallesek, akuarela teknika trebea ezin baino hobea erabiliz, irudi zoragarrietan moldatu dituenak. Hiru ale argitaratu dira dagoeneko.
Waluk, klima aldaketaren arazoa umeei hurbiltzen dien hartz polarra
Aurten gainera, Astiberrik Txikiberri izeneko bilduma jarri du martxan. Etxeko txikientzat aproposak diren komikiak, katalanetik, galizieratik eta frantsesetik itzultzeari ekin dio, eta ondorengo komiki-serie ezberdinen lehen zenbakiak argitaratu dituzte: Biga 1. Benetan identifikatu gabeko animalia, Uxio eta Claude eta Morino 1. Madarikazioa.
Bartzelonako argitaletxeak Super Patata izeneko seriea argitaratzeari ekin zion duela bi urte, eta dagoeneko serieak hamar titulu argitaratu ditu. Zein baino zein dibertigarriagoak dira Super Patataren abenturak. Lehen irakurleentzat guztiz gomendagarria da seriea, irakurtzeko erraza baita, eta komikiaren egileak, Artur Laperlak, trebeki erabiltzen dakielako marra-arineko irudiak, gainezka egiten dion irudimenak sortarazten diona islatzeko. Serie osoa gure artean aparteko arrakasta izaten ari da.
Super Patata, Super Arrakastatsua, hile honen bukaeran 10. alearekin borobilduko dute seriea
Euskal egunkaria gure egungo komikigintzaren hiru izar handiren babeslekua da: Antton Olariaga; Patxi Huarte, Zaldieroa ; eta Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin. Lehenengo biek tira komikoaren formatua lantzen dute egunero, Zakilixut eta De Rerum Natura izeneko komiki-sail beteranoetan. Hirugarrenak, Mattinek, Belardo pertsonaiaren istorioak marrazten ditu larunbatero Mantangorri gehigarrian, lehenago Euskaldunon Egunkarian agertu zen (Espainiako “justiziak” komunikabidea itxiarazi zuen arte). Belar-meta bat Belardo izanik, Berriak liburu batean”enfardatu” du: Belardo, ba al zatoz?
Belardo, Mantangorriko orrietatik, liburu batean bizitzera pasatu den belar-meta.
Urnietako argitaletxeak haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko adin-tarterako interesgarriak diran hainbat izenburu kaleratu ditu dagoeneko; gehienak Frantzian izandako arrakastaren bermearekin euskarara ekarriak izan dira; eta ez da dudarik, gazteentzat erakargarriak abenturazko edo amodiozko kontakizunak izaten direla gehienetan. Halakoak dira Harald eta Ignir-en altxorra , Isaline: sukaldaritzako sorginkeria, Isaline: Sorginkeri izoztua, Inoiz ez … azken titulu hau, adibidez, Bruno Duhamel komikigilearena dugu. Herriko politikariei, eta baita naturen indarrei, aurre egiteko gai den amama zahar eta itsuaren parabola interesgarria. Urtea bukatzeko, Brunoren azken lana kaleratu du argitaletxeak: #Kontaktuberria.
Baina ezinbesteko liburua, gure ustez, Elefantearen tristura da. Barru-barrura iristen den istorioa, batzuetan gazia, besteetan gozoa, momentu oro sentikorra edo lazgarria; baina, era berean, mezu itxaropentsu eta baikor bat usten digun kontakizuna ere bada. Alderdi grafikotik azterturik, Nina Jacqmin, belgikar marrazkilari gaztearen lana bikaina da. Ikatz-teknika erabiliz, eta koloreei dagokienez, urdinera eta gorrira mugatuz, goibeltasun giro batean biltzen du istorioa. Gure ustez, hamarkadako izenbururik aipagarrienetako bat hauxe da.
Elefantearen tristura, Nicolas Antona eta Nina Jacqminen lan zoragarria
Derrigorrez aipatu behar dugu Ipurbeltzen garaietako Miguel Berzosa donostiarraren Mintxo pertsonaia, Harriet argitaletxeak berreskuratu duena. Gaurko umeen artean orduan bezain arrakastatsua izaten segitzen duen umorez betetako liburua. Bruguera etxearen ikutua dute Berzosaren istorioak, baina Mintxoren patua ez da, Bruguera pertsonaien kasuan bezala, aldez aurretik erabakita izaten. Mintxo herrikoia, kuxkuxero eta atsegina dugu, gauzak ondo ateratzen zaizkio batzuetan, beste batzuetan, ordea, ez hainbeste.
Eta aipatu behar da, nola ez, euskal zientzia-fikzioaren generoaren ikur handienetako bat dena, gaurkotu ondoren, berriz ere plazaratua izan zena 2016an, Jon eta Mirka. Komikia nerabezaroaren aurreko irakurleei zuzenduta dagoen arren, duen kalitateagatik edozein adinetako irakurleek gozatzeko modukoa da. Harrieten gidoiaren fantasia, Daniel Redondoren marrazki fina eta zehatzarekin bikain uztartzen dira; seguruenik marrazkilari donostiarraren lan aipagarrienetako bat hauxe da.
Harriet argitaletxearen katalogo anitza da, baina nerabeei eta gazteei zuzendutako irakurketak dira nagusi.
Jordi Bayarri egile valentziarra zientzialari ezberdinen bizitzak komikiratzeari ekin zion duela urte batzuk, 2012an zehazki, Galileo Galileiren bizitza komikira eraman zuenean. Euskaraz 2015ean kaleratu zen IkasElkaren eskutik, eta ordurik hona, badira beste sei liburu ondorengo urteetan argitaratuak izan direnak. Galileoren ostean Newton etorri zen, gero Marie Curie, Darwin, Aristoteles eta azkenik, Hipatia. Jordi Bayarriren estiloa arina eta umoretsua izan arren, umeen irakurketarako egokia, ez da horregatik historia eta zientziaren zehaztasunetik urruntzen.
Jordi Bayarri, zientzialarien biografietan espezializatu den autorea
(Luterl taldea)
Euskoman: Izan ala ez izan, komikia 2014ean kaleratu zuen Ondarruko Luterl taldeak. Ioni Artetxe da gidoiaren arduraduna eta Kaiet Bengoetxea marrazkia eta kolorearena, bere aldetik. Superman heroi antiheroikoaren binetak jatorriz Mantangorrin, Berriako gehiagarrian, argitaratu ziren.
(Turko comics)
Buyan komikia euskaraz argitaratzeko, komikiaren egileek Turko Comics izeneko zigilua sortu zuten, eta horrela, 2019an Buyan komikiaren euskarazko edizioa kaleratu zuten. Aritz Truebak irudietara eraman zuen Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzitako gidoia. Hirurok komiki sendo eta borobil bat osatu dute, abenturaz eta emozioz josirikoa. Fantasia, mitoak eta historia dira Buyan eraikitzeko erabilitako osagai nagusiak; eta noski, eraikinaren porlana Aritzen marra garbiko estilo bizi eta dotorea izan da.
Buyan, kutsu mitologiko duten ezpata-abenturak
Pendulu baten erregulartasunarekin, urtero-urtero album eder bat uzten joan zaigu Ikastolen Elkartearen babesa duen Xabiroi aldizkariak. Badira 14 urte aldizkaria sortu zela, eta badira 13 kaleratu dituzten albumak. Behean zerrendaturik amaitzear dagoen hamarkadan plazaratu direnak. Gazte, ikasle zein ikasleen gurasoei interesa lekizkiekeen komikiak dira. Gidoiaren eta marrazkiaren kalitatea duten lanak dira, Xabiroi inguruan Euskal Herriko lehen mailako egileak biltzen baitira. Kaleratu berri den azken-azkena, Asisko eta Joseviskyk osatutako bikote artistikoaren lana dugu, Basolatik berri onik ez .
Arian-arian, komiki ondare garrantzitsu bat sortu du Xabiroik
Euskal ilustratzaileen lanak erakusteko eskaparate bikaina bihurtu da Ilustrazioaren Txokoa. Aurretik Aieteko kultur etxean kokatzen den Ilustratzailearen Txokotik pasatu diren ilustratzaile eta komikigileen zerrenda luzea da: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin”, Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martínez, Idoia Beratarbide,Tomás Hernández Mendizábal eta Iraia Okina. Orain Dani Fanoren txanda heldu da. Azken hogei urteetan eskuz sortutako ilustrazio eta komiki plantxek osatzen dute erakusketaren mamia. Martxoaren 10era arte izango da zabalik.
Donostian jaio zen Dani Fano. Bere traiektoria profesionala 80. hamarkadaren amaieran hasi zuen. Liburu ilustratzaile bezalaibilbide luzea du. 1989an Donostiatik ipuinetan ilustratu zuen Ereinentzat, bere lehen liburua . Ondoren beste argitaletxeen enkargu berriak heldu ziren, Aizkorri, Txalaparta, Elkarlanean…. Baina 90. hamarkadan zehar aldizkako argitalpenetan publikatu zituen bere lanak batez ere umore grafikoaren esparruan: Gara, Ardi Beltza, Kale Gorria, Elhuyar, Ipurbeltz… Garai berean Ikastolen Elkarterako material didaktikoaren atonketan kolaboratu zuen, Urtxintxa, Eleanitz, Txanela,Ttantxo, Txirritx eta Xango egitasmoak koloreztatuz.
Seguruenik bederatzigarren artearen inguruan eman ditu Danik ekarpenik bikainenak. 2005etik zuzentze-lanetan dihardu Xabiroin, Ikastolen Federazioak argitaratzen duen komiki aldizkarian. Xabiroi euskal komikigile askorentzat funtsezko erreferentea bihurtu da, aldizkarian argitaratzen dutenentzat, eta baita aldizkariaren inguruan biltzen diren lagunentzat.
Xabiroi aldizkariaren eskutik album pare bat argitaratu zituen bakarka TeleATOI: Kalabaza Haluzinogenoak, 2010ean, Anubis 3. 0: Arimaren pisatzea, 2012an eta Guillermo Gonzálezekin batera Kortsarioen Ostatua, 2015ean. H28 aldizkari saretirikoan ere parte hartu zuen aldizkari digitala iraun zuen bitartean (2015/2017).
Hala ere, gure ustez bere lanik luze, dotore eta monumentalena duda barik Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotza izan da, 2018an Astiberrik argitaratutako Migel Marmol iraultzaile salvadortarraren bizitzaren komiki-kronika. Komikerin azpimarratu genuen, gure ustez 2018 urtean estatu mailan argitaratu diren eleberri grafiko artean onenetarikoa dudarik gabe. Seguruenik Ilustratzailearen Txokoko erakusketan komikia sortzeko jatorrizko plantxaren batzuk ikusgai izango direla.
Eider Rodriguezek eskuratu du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2018ko Euskadi Literatura saria Santa Familia lanari esker. Duela bi aste jakinarazi zuten Eiderrentzat izango zela Euskarazko Iiteraturako Euskadi saria Bihotz handiegia liburuarengatik. Orain bigarren saria lortu du Julen Ribas marrazkilariarekin ondu zuen komikiagatik. Zorionak Eider eta zorionak ere JulenRibas eta Xabiroi proiektua bultzatzen eta sostengatzen duen lantalde osoari!
Ostiral honetan Getxoko Komiki Azokaren edizio berri bat ospatuko da, hamazazpigarren edizioa izango da aurtengo. Urriaren 19tik 21era binetaren munduaren zerikusia daukaten liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fanzineen salmenta-guneak kokatuko dira Areetako karpan.
Camille Jourdy, Jason Lutes, Javier Pulido edo Nazario bezalako atzerriko gonbidatu ospetsuak izango ditugu bertan. Azpimarratzekoa Nazario komikigile espainiarrak jasoko duen omenaldia. Kontrakulturaren bide bihurgunetsuetan barrena ibilitako egile handia dugu Nazario.
Baina lerroburuetan, ez dakigu zergatik, agertzen ez diren egileak ere izango dira Getxon. Lerroburuetan ez, baina Getxoko Komiki Azoka azken urteetan gehien auspotzen duten egileak berriro ere Xabiroi standaren inguruan bilduko dira.
Urtero legez Dani Fano arduratuko da Ikastolen Elkarteak sostengatzen duen standaren antolaketa lanarekin. Dani Fanoren jarraitzaileek badute aurten gainera pozteko beste arrazoi bat, inoiz osatu duen lanik borobil eta mardulenarekin baitator Getxoko plazara, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Xabiroi edo liburuaren editorea izan den Astiberri argitaletxeko mahaietan erosteko aukera izango duzue.
Udazkeneko bigarren nobedade galant bat argitaratzen du Xabiroik, Haur Besoetakoa saileko bigarren albuma: Paristik datorren artista. Egileetariko bat larunbatean eta baita igandean sinatzen izango duzue Xabiroieneko standean, Sanvi marrazkilaria hain zuzen. Belatz ilustratzaileak Lucio Urtubia ekintzailearen bizitza biltzen duen eleberri grafikoarekin parajetuko da Getxora. Aurtengo nobedade arrakastatsuenetako bat izanik larunbatean izango duzue egun osoz Getxoko standean.
Bestalde Asiskok inprentan liburu berri bat prest duen arren, AztiHitzak, ez du lortu Getxoko azokara garaiz heltzea (kontuan hartu behar Getxoko azokaren datak aurreratu izanaren ondorioetako bat hau dela) baina Durangokorako bai ziurtatu duela iruindarrak bere presentzia.
Eta Getxoko azokarekin jarraituz han izango dira ere Julen Ribas Guillermo Gonzalez, Adur Larrea, Iñaki Holgado, Zaldieroa… gure komikigintzaren ordezkaritza bikainena eta arkatzak zorrotz liburuak sinatzeko prest izango dira guztiak beti bezala Xabiroiko standean (hemen behean dituzue sinatze txandak).
Harriet argitaletxea ere, prest izango da aurretik Komikerin iragarri genituen liburu berriekin. Kalean dira Tomoë, Hasiera berri bat eta Mutuaren hitza. (Atxikituriko loturan aurkitu dituzue xehetasun gehiago).
Azkenik, aurten zoritxarrez Luterl taldeko lagunek, agenda arazoak tarteko, standik jarriko ez dutela azaldu digute, baina bertatik bisitan behintzat pasatuko direla ziurtatu dute.
Komikeri bloga sortu genuenetik urteroko usadioa bihurtu dugu euskal komikien argitalpen kopuruen zenbaketa egitea. Zenbaketa horren emaitza taula batean urtero argitaratzen dugu eta euskal komikigintzaren bilakaera orokor bat ikusteko baliagarria da. Zenbaketa xume bat baino ez den arren, tendentziak ulertzeko egokia izan liteke. Komiki kopuruaren aldetik, behintzat, komiki ekoizpena momentu ezin hobean dagoela esan dezakegu. Ekoizpen horretatik tiratzen duen argitaletxea Harriet ediciones da, aurten zortzi! komiki berri kaleratu baititu. Komikiaren alde apustu handia egin du argitaletxe honek eta erritmo horretan argitaratzen mantentzen den bitartean euskal komikigintzaren emaitza orokor onak izango ditugula urtero uste dugu. Hala ere argitalpenen abanikoa zabala da. Azken urteetan modu erregularrean, komikiren bat kaleratzen duten argitaletxeak hauek dira: Astiberri , Xabiroik , Elkar (De Rerum Natura bi urterik behin) etab. Bertsolari aldizkariakoek ere, euren bigarren komikia argitaratu dute 2017 honetan. Azpimarratzekoa sortu den argitaletxe berria ere: Gureberriak.
Gabezi guztiak kontuan harturik eta abiapuntua zein den ahaztu gabe euskal komikigintza momentu onean dagoela baiezta dezakegu duda barik, bai ekoizpen kopuruaren aldetik eta baita, batez besteko kalitatearen aldetik ere.
Hilabete bat falta da urtea bukatzeko eta euskal komikigintzak goia jo du berriro. Komikiak koska bat gorago egin du alde askotatik. Komikiaren gaineko liburu teorikoak, erakusketak, jaialdiak, ekitaldiak … urte emankorra benetan.
Komiki jaialdiak
Urtero legez euskal komikigintza ardatza duten Parrapean komiki egunak urriko hirugarren astean ospatu dira. Aurten nazioarteko gonbidatuak Portugaletik heldu dira eta horrez gain euskal komiki ekoizpenaren parte handia bertan aurkeztua izan zen.
Bestalde, azaroaren lehenengo asteburuan Getxoko komiki azoka ospatu zen, eta bertan euskal egileen presentzia inoiz baino nabarmenagoa izan zen. Harriet Ediciones eta Xabiroiren standak sinaketarako ondo apainduriko mahai luze baten bitartez loturik egon ziren eta elkarren ondoan, parez-pare, euskal autore talde zabala lanean ibili zen, gaurko euskal komikigintzaren panoramika bizi bat eskainiz. Esan behar dugu, gaurkoz, Getxokoa gure komiki azoketan errefe
rente nagusiena dela eta euskal egileen eta komikien presentzia bertan bermatua izatea gauza inportantea dela. Beraz, komiki azokako antolatzaileentzat, eta baita Xabiroi eta Harrietek antolaketa eta elkarlanerako erakutsi zuten gaitasunagatik, gurezorionik beroena.
Euskal Komikia 1975-2017
Irailaren 14tik urriaren 28ra bitarte Bilboko Bizkaiko Foru Liburutegian ‘Euskal Komikia 1975-2017’ erakusketa izan zen ikusgai. Erakusketa honen bidez Euskal Herrian komikiaren munduan izandako mugimendu nagusien bilakaera azaldu zen, aldizkarien boom-etik fanzineak agertu ziren arte, autore-komikietatik atzerriko merkatuen konkistara.
Zakilixutek 40 urte
Irailaren 29an, 40 urte bete zituen
Antton Olariagak sortutako Zakilixut pertsonaiak. Egin egunkariarekin batera jaioa zen euskal komikiaren erreferentziazko pertsonaia hori, eta euskarazko egunkariarekin hazi eta heldu zen, Euskaldunon Egunkaria-n lehenik, eta Berrian ondoren. Berriak ekitaldi bat antolatu zuen Euskal Herriko hainbat artistarekin, Zakilixuti behar duen lekua emateko eta Anttoni ondo merezitako omenaldia egiteko. Asisko Urmeneta, Kike Amonarriz, Ainara Azpiazu, Eider Eibar, Iñaki Martiarena, Idoia Torregarai, Anjel Lertxundi eta beste hainbat urriaren 18an bildu ziran, Martin Ugalde kultur parkean.
Komikilabea eta Euskal Komikia Donostian ibilbidea
Bigarren urtez, Komikilabea antolatuko zen Donostian azaroaren 8tik 13ra bitartean. Hiriko hainbat eragilek bultzatua (Donostia Kultura, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tabakalera), komikigintzaren inguruko ekintza ugariz bete ziren kale eta aretoak. Progamazioaren barruan Euskal Komikia Donostian ibilbidearen aurkezpena izan zen. Donostia euskaraz sortutako komikiaren hiriburu dela erakusteko xedez, ibilbide bat sortu da hirian zehar, euskal komikiarekin zerikusia duten kaleetan zehar. Donostian izan zuten egoitza, besteak beste, Txistu, Poxpolin, Pan-Pin, Habeko Mik, Ipurbeltz, Xabiroi bezalako aldizkariek.
Aurreko urteen abiadura mantentzen du. Argitaratutako komiki kopuruari dagokionez, Harriet Ediciones lokomotorak bultzatutzen du euskal argitalpenen trena erritmo bizian. Harrietez gain, Astiberri eta Xabiroi ez dira falta aurtengo zitara.Sorkunde,Teodoroeta Noraren arteko famili harremanak kontatzen dira Santa Familia xabiroitarren albumean. Bertsolari Elkarteak ere jarri du beste aletxo bat aurtengo otartean, Arditutakoak, fart westeko euskal artzainek burutzen duten road movie ero bat eta Gureberriak komunikabideak, eta baita argitaletxea, aurten estreinatu da Asiskoren lan luze berriarekin, Eusklabo Alaiak…
Irakurle, orain hamar urte ia euskal komiki argitalpenik ez zegoela beti kexuka ari bazinen, ez duzu gaur egun aitzakirik. Zorionez komikiak ugaritu dira argitalpenen horizontean. Hitz egingo dugu honetaz aurrerago…
Euskal argitalpenen urte bukaerako mugarria Durangoko azoka izaten da. Aurten ere izango dela suposatzen dugu. 2011 urtetik produkzioaren kontaketari ekin genionetik, urteroko bete-beharra izan dugu eta aurten plazaratu diren lanak, banan-banan, zehazten ditugu post honetan.
Aurten iaz baino 3 komiki gutxiago argitaratu dira baina nabarmenena azken urteetako gorakada mantentzen dela ikustea da. Beraz kopuruaren aldetik behintzat, sektorea azken urteetako martxa egokian mantentzen dela azpimarratzen dugu. Kantitatearen aldetik horrela bada, kalitatearen aldetik ere emaitza pozgarria dela ezin ukatu. Euskaraz propio sortutakoak, zein beste hizkuntza batzuetatik euskarara itzulitako liburuen kalitatea bikaina izan da. Hor dago Txalaparta, Xabiroi, Astiberri eta Harriet argitaletxeek bide horren alde egin duten apustu serioa. Denboran mantentzen den apustua gainera (Txalapartaren kasuan urteroko argitalpena segurua ez bada ere, batez bestekoaren bi urteroko epean ekoizten duten liburua ezin baino zainduagoa dator beti). Aipatutako lau argitaletxeek euskal komikigintzaren hezurdura printzipala osatzen dute. Datorren urteko emaitza aurtengokoaren antzeko parametroetan aurreikusten dugu eta iragarle lanak eginez, gure komikigintzarentzat laugarren urte dohatsu bat iragartzen dizuegu.
1. Asterix Olinpiar Jokoetan
Goscinny (1926-1977)
Uderzo (1927-)
Arzallus Antia, Maddalen ; itzultzailea.
Noiz: 06/2016
Argitaratzailea: Bruño
978-84-696-0596-7
2. Etxea
Roca, Paco (1969-)
Montorio, Bego (1959-) ; itzultzailea.
Noiz: 04/2016
Argitaratzailea: Astiberri
Deskripzio fisikoa: 136 p. 17×24 cm
978-84-16251-63-6
3. Indiara bidaia
Gidoia: BéKa
Marrazkiak: Marko
Almortza Muro, Arkaitz ; itzultzailea
Zurutuza, Juan Mari ; itzultzailea
Noiz: 05/2016
Argitaratzailea: Harriet
Deskripzio fisikoa: 56 orr. 29×22 zm
978-84-944599-4-8
4. Txinara bidaia
Almortza Muro, Arkaitz ; itz.
Zurutuza, Juan Mari ; itz.
Noiz: 05/2016
Argitaratzailea: Harriet
Deskripzio fisikoa: 56 orr. 29×22 zm
978-84-944599-2-4
5. Jon eta Mirka, Osoa
Gidoia: Gregorio Muro
Marrazkiak: Daniel Redondo
Almortza Muro, Arkaitz ; itz.
Noiz: 09/2016
Argitaratzailea: Harriet
Deskripzio fisikoa: 96 orr. 32×24 zm
978-84-944599-8-6
6. Mobilak
Gidoia: Ibarra Basañez, Arantza
Marrazkiak: Bengoetxea Urkitza, Kaiet
Noiz: 06/2016
Argitaratzailea: Ediciones Beta III Milenio
Deskripzio fisikoa: 72 orr. 24×17 zm
978-84-15495-99-4
7. Pilula urdinak
Peeters, Frederik (1974-)
Montorio Uribarren, Bego ; itz.
Noiz: 10/2016
Argitaratzailea: Astiberri
Deskripzio fisikoa: 216 orr. 24×17 zm
978-84-16251-83-4
8. SOS Lusitania, Edizio Osoa
Gidoia: Patrice Ordas
Gidoia: Patrick Cothias
Marrazkiak: Jack Manini
Urkixo Beitia, Joanes (1955-) itz.
Noiz: 09/2016
Argitaratzailea: Harriet
Deskripzio fisikoa: 152 orr. 32×24 zm
978-84-944599-6-2
9. Zarrakamalda
Gidoia eta marrazkiak: Martiarena, Iñaki Mattin
Noiz: 09/2016
Argitaratzailea: Txalaparta
Deskripzio fisikoa: 264 orr. 25×18 zm
978-84-16350-55-1
10. Gaza Amal: Gazako zerrendan emakume ausarten istoriotxoak
Gidoia eta marrazkiak: Susanna Martín
Noiz: 11/2016
Argitaratzailea: UNRWA Euskadi
11. Eneko Aritza: Lehen errege baskoia
Gidoia: Angel Rekalde
Marrazkiak: Joseba Larratxe
Noiz: 11/2016
Argitaratzailea: Nabarralde
12. Museo bilduma
Gidoia: Harkaitz Cano
Marrazkiak : Iñaki Holgado
Argitaratzailea: Xabiroi
Noiz: 09/2016
978-84-946072-1-9
13. Altza porru : Jakoba Errekondoren bizi baratzea
Aurten ere ez dugu hutsik egin Areetako Xake plazako zitara. Getxoko Komiki Azokak hamabost urte bete ditu aurten eta ez genuen galtzeko asmorik. Azaroaren 18tik 20ra ospatu den aurtengo edizioak sasoian eta bizi-bizirik mantentzen dela erakutsi digu. Aurton, 60 salmenta postu jarri dira guztira, bisitari eta salmenten datu zehatzik ez badugu ere eta bertan entzun dugunaren arabera sentsazio orokor on bat geratu da airean.
Erakusketa eta mahai inguruez gain, egileen sinatze txandak ere arrakasta izan dute Komiki Azokan. Jende ilara luzeak osatu dira Horacio Altuna, Natacha Bustos eta David Aja euren lanak sinatzen ari ziren mahaien aurrean. Xabiroi eta Harrietargitaletxeen standen aurrekaldean bildu zen urtero bezala euskal komikigile troparik oparoena. Daniel Redondo eta Gregorio Muro “Harriet”, Dani Fano, Joseba Larratxe, Adur Larrea, Iñaki Holgado, Guillermo Gonzalez, Julen Ribas, Alex Sanvi, Zaldieroa…
Beraz, euskal komikigintzak aurtengo edizioan ere, leku propioa izan du azokaren erdigunean, eta eskertzekoa da Getxoko zita honen alde Xabiroik egiten duen apustua, euren bultzadaz egile kopuru handia aurkezten delako Getxon urtero.
Luterl dugu urteroko beste erreferentzi fidela, azoka sortu zenetik urtero presente izan den talde ondarrutarra. Euren standean Arantza Ibarra eta Kaiet Bengoetxea egileak topa genituen, Mobilak labetik atera berri den komikia sinatzen jo ta ke. Lana oraindik ez dugu irakurri baina, seguruenik, Komikerin izango duzue laster honen berri.
Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren, binetazko bikote izeneko erakusketa egon zen ikusgai ere. Elkarrekin argitaratu dituzten hiru! albumetako orrialde garrantzitsuenen sortze-prozesua erakutsiz. Gidoiatik, lehen zirriborroetara, tintazko marrazkietara, azken koloreztatzera, hots, komikia egiteko prozesu osoa ikusi genuen ormetan jarritako paneletan. Iñaki Holgado bera izan genuen luxuzko gidaria.
Besterik? Bai. Makina bat kontu. Baina ez gaitezen gehiegi luzatu.