Pandemia osteko haur eta gazte komikiaren bilakaera (2020-2023)

Beste hainbat arlo askotan gertatu bezala, pandemiak mozketa ekarri zuen euskarazko komikigintzaren bilakaerara. Aztertu genuen haur eta gazteen komikiak 2010-2020 hamarkadan izan zuen gorakada aurreko sarrera batean. Post honetan pandemiaren osteko urteetan komikiak izan duen bilakaeran jarriko dugu arreta.. Ahulguneak ere badirela kontuan hartuz -benetako euskal komiki-industria baten gabezia, esaterako-, berriz ere errepikatu gura dugu, euskal komikiak eta, zehazki, haur eta gazteen komikiak une eder eta oparoa bizi duela.

Pandemia osteko Haur-Gazte Komikigintzak (HGK aurrerantzean) marka berriak ezarri ditu. Helduen eta gazteen komikien arteko mugak batzuetan lausoak diren arren, ondorengo zenbaketa egin dugu: 2022an argitaratu ziren komikien erdiak HGKa izan ziren ; 2023an guztira  %66 izatera iritsi dira.

Gorakadaren arrazoiak, alde batetik, 2020ko artikuluan aipatu genituenak dira. Orain orduko lerro nagusiak mantendu eta sendotu egin dira: Astiberri, Harriet, Bang eta beste argitaletxe batzuek pandemia aurrean sortutako serieak mantendu eta zabaldu dituzte. Bestalde, Harrietek ate berri bat zabaldu dio euskal komikiari: mangarena. Manga da gaur egun, nazioartean, orain baita Euskal Herrian ere, komiki-motarik arrakastatsuena.

Argitaletxez argitaletxe

Astiberrik etxeko txikientzat pentsatuta dagoen Txikiberri atala zabaldu zuen eta bere hiru serieak mantendu, eta titulu berriekin hornitu ditu: Claude eta Morino (2 ale), Uxio (2 ale) eta, batez ere, Biga (8 ale). Horrez gainera, serie berri bati hasiera eman dio: Patti eta inurriak (ale bakarra momentuz).  

Serietatik at, Piqo-Piqo eta Indotxinako erraldoi izugarria osagai nagusiak fantasia eta abenturak dituen komiki dibertigarria kaleratu du, hori ere txikientzat egokia.

Baina Astiberrik argitaratu duen titulu bakar bat aukeratu beharko bagenu, seguruenik Txangoan txiripaz izango litzateke. Guztiz gomendagarria da Josephine Mark alemaniarraren lana, gaitzaren gaia ausardiaz eta modu oso-oso dibertigarrian jorratzen duena. Lanak Max und Moritz saria lortu zuen Erlangeneko 2022ko komiki jaialdian.

Halako gaiak jorratzen dituzten lanak gero eta sarriago ikusten dira haur eta gazte komikien esparruan. Raina Telgemeieren adibidea hor dugu: irakurle gazteei zuzendutako eleberri grafiko gehienek zientzia fikzioaren eta fantasiaren tradizioetara jo behar badute ere, Telgemeierrek frogatu du memoriak haurrentzat helduentzat bezain erakargarriak direla.

Bartzelonako Bang argitaletxeak Superpatata seriearekin ekinean dabil. Seriak 10 titulu ditu dagoeneko (pandemian ostean 10.a, Erdi Arora bidaia, eta horrez gainera, Superpatata seriean jatorria eta bere zenbatze propioa duen azpiserie bati hasiera eman diote: Nahaspila kosmikoa. Bi ale argitaratu dira dagoeneko: Bare erregearen itzulera eta Bare erregearen mendekua.

Aipatutako komikigintzak badu ukitu fresko eta lotsagabe bat. Jordi Bayarriren lanek eduki “pedagogikoagoa” eta serioagoa daukate, zientzilarien biografiak komikien bitartez azaltzea baita bere xedea.  Ikaselkar argitaratzailearen izenak berak pistak ematen baitizkigu Bayarriren lanak ikasgeletara eramateko aproposak direla azaltzeko. Azken errepasoa egin genuenetik Bayarrik beste lau titulu gehitu ditu bere zerrenda pertsonalera, euskaraz argitaratzen duten egileen artean emankorrenetakoa bihurtu delarik. Bere lau liburuak hauek dira: Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea; Einstein, jauzi kuantikoa; Mary Anning, herensuge-ehiztaria; eta Pasteur, mikrobioen iraultza.

Ikastolen Elkartea/Xabiroik Haur Besoetako sailaren 3. alea kaleratu zuen 2022an: Itsasoan urak handi. Ale berriak etorriko dira datozen urteetan, Unai Iturriagak eta Sanvik  Lolita eta HBren istorioak bizi-bizirik mantentzen baitituzte Xabiroi aldizkariaren orrietan. Arranotxu, euskal gerlari mitikoaren abenturak eta desbenturak ere pandemia osteko lehen urtean barre -edo irribarre- egiteko aukera eman zigun. Sasi artean Elgeta album egokia izan daiteke irakurle gazte, zein helduentzat.

Nerabe-gazte-helduen arteko marra lausoan kokatu daitezke ere komiki hauek: Basolatik berri onik ez eta Surflaria.

Bitxia iruditu zaigu Frantziako Hachette argitaletxeak euskaraz argitaratzea erabaki izana. Ahizpak seriearen 6 ale argitaratu ditu dagoeneko. Lyon inguruko Bamboo argitaletxea da seriearen jabea eta, Frantzian, 18 titulu argitaratu ditu dagoeneko. Orain EITBk komikian oinarritutako marrazki bizidunen eskubideak erosi ditu eta haurren edukiei lekua egiteko sortu zen 3Kluba komunitate digitalean jarri ditu ikusgai (sakatu hemen webgunera joateko):

Estrategia askoz borobilagoa, mundu mailako komikiak dituen neurriak kontuan izanda,  euskal komikiarentzat bide berriak eta propioak zabaltzea da. Japonieratik euskarara zuzenean hainbat manga ekarri dituen Kabe argitaletxearen adibidea dugu, edo helduen komikien esparruan oso interesgarria da Farmazia Beltzak egin duen bidea,  Zerocalcareren lanak gaztelaniaren aurretik italieratik euskara ekarriz.

Kabe Harrietek 2022an mangak argitaratzeko sortu zuen zigilua da. Eta hauxe da haur-gazte komikigintzak azken hiru urteetan izan dugun jauzirik handiena.

Baina Kabe aipatu aurretik, gogoratu dezagun Harrietek bere katalogoan HGKan jarrita duen arreta berezia. Bere katalogoko titulu gehienak Frantziako plazatik euskarara ekarritako liburuak dira: Ekoline, Dinosauroak, Dortokaren promesa, Lehoi ogroa, Harald eta Ignir-en altxorra

Kabe manga japoniarra gurean

Kabek, Harrieten mangarako sortu duen zigiluak, guztira lau serie jarri ditu martxan, arrakasta handiz gainera: Tomomi Usuiren Cube Arts, Kinoshitaren Dinosaurs sanctuary -biak hiru alez osatutako bilduma-. Girls’ last tour Tsukumizurena (seriea zabalik dago, eta gaztelaniaz Planeta Comics erraldoiak erosi ditu eskubideak) eta Tabasa Ioriren Heroines game. Azpimarratzekoa da Urnietako argitaletxeak egin duen esfortzua.  Editore japoniarrekin harremanak ez ohi dira izaten errazak eta pazientzia, tinkotasuna eta trebetasuna uztartzea beharrezkoa izan da. Kasu batzuetan euskararen edizioa gaztelaniakoaren aurretik joan da, eta bestean euskal edizioa ez da izan gaztelaniazkoaren menpe sortu den produktua.

Erdal komikietan mangak duen garrantzia kontuan izanda, euskal panoraman faltan geneukan elementua zen. Orain komikiaren mapa osatuago bat dugu.

Kabek bere mangak plazaratu zituen garaian, ia aldi berean, X-venture: Gorputza Krisian manga seriea argitaratu zuen Kataluniako Ooso argitaletxeak. Kasu honetan fikzioa helburu pedagogikoarekin erabiltzen da: Koman  dagoen Darwin doktorearen gorputzean barrena sartzen dira X-Venturetarrak gaixotasunaren arrazoien bila. Jatorrizko edizioa japonieraz izan bazen ere, Oosok txineratik euskaratu du.

Berrargitalpenak

Harriet argitaletxeak Ipurbeltzek 1970 hamarkadan  argitaratu zuen bildumatik Iker eta Ixoneren lehen hiru aleak berreskuratu dituela azpimarratu beharra dago. Gregorio Muro, geroago Harriet goitizena hartuko zuen euskal gidoigile emankorrak, marrazkigile eta gidoigile ofizioak ederki uztartzen zekizkiela erakutsi zuen. Iker eta Ixone euskal komikigintzaren historian serie mitikoa izan zen eta, mitologikoa era berean, mitologiaren gaia baita istorio guztien euskarria. Orrazi magikoa euskal egile batek sortutako lehen komiki-liburua izan zen; 1978. urtean argitaratu zen eta, orain, ondoren etorri ziren beste bi tituluekin batera, Gaizkiñe eta Zahagi-urrearekin, argitaratu da edizio oso eta dotore batean. Mikel Murok liburuaren itxura grafikoa eguneratu du, batez ere kolore alorrean, eta emaitza ederra eta gaurkotua eman dio produktuari.

Salvat/Bruñok, bestalde, Asterixen klasikoen bilduma osoa berritzen jarraitzen du. Gainera, bilduma horretara gehitzen diren titulu berriak euskaratzen ari da:  Asterix eta grifoa, Latinari zaunka! (hau Idefix txakurrari buruzko azpiserie bezala planteatu berri dute: Idefix eta menderakaitzak) eta Lirio zuria.

Berrargitalpenen atalarekin bukatzeko, Juan Luis Landa eta Joxean Muñozen Irati komikia aipatuko dugu. 90. hamarkadan gaztelaniaz eta frantsesez argitaratu ziren Irati zikloko hiru liburuak. Ereinek euskaraz edizio integral modura argitaratu du orain istorioa. Baina bada kontakizuna luzatzen duen laugarren ale bat ere, eta Irati oso-osorik irakurri nahi duenak 2007an Xabiroik argitaratu zuen albumera jo beharko du.

Ttarttaloren eskutik Desberdinen Kluba eta Ongi etorri Kokoloara kaleratu dira, liburu biak Frantziako plazatik datoz, Rue de Sevres eta Actes Sud etxeetatik. Miren Agur Meabek itzuli ditu biak, egun Elkar-en esku dagoen Ttarttalo argitaletxearen enkarguz.

Ttarttalok argitaratu ditu ere helburu didaktikoa dituzten beste bi titulu: 24 ordu espazioan eta 24 ordu Harri Aroan.

Aitzitik Elkarrek zuzenean plazara eraman du Etxeberria Garro anaien gidoia eta Sanviren marrazkia duen Artxipielagoa komikia. Etxeberria anaiek komiki-gidoien eremuan ibilbide sendoa finkatu dute dagoeneko, eta titulu honekin euren laugarren lana osatu  dute. Eta zer esango dugu komikigintzan hamarkada batzuk  profesional moduan eman dituen Sanviri buruz.

Aldizkariak

Berriro ere, gure erreferentziazko bi komiki-aldizkariak aipatuko ditugu.

Irria aldizkaria 2010ean sortu zen. Euren webgunean azaltzen duten bezala “2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko hilabetekaria da, urtean 10 ale kaleratzen dituena. Aldizkari hau koloretako 44 orriz osaturik dago, eta haurrentzako esanguratsuak diren gaiak jorratzen ditu hilero”. Jolasez, ipuinez eta komiki istorioz horniturik dagoen Irria 2024ko urtarril honetan 131. alera heldu da.

Ikastolen Elkartearen babesagaz argitaratzen den Xabiroi aldizkariak bete du bere hemezortzigarren urteurrena. Aldizkariaren ildo nagusiak argi eta garbiak ezarri zituen aspaldi Dani Fano zuzendariak eta ildo horri darraio kaleratu den azken zenbakiak. Euskal literaturaren izen gorenak komiki-gidoigintzara hurbiltzen ditu Xabiroik eta euskal marrazkilari profesionalekin kontaktuan jartzen ditu.

Balantzea balantzaka

Zalantzarik gabe, haur eta gazteen komikigintzaren une ikusgarrian gaude, bai kantitatearen, bai kalitatearen ikuspegitik. Manga iristearekin batera, ate bat ireki zaie irakurle berriei. Egiaztatuta dago normalean euskaraz irakurtzen ez duten irakurle gazteek manga berrien bila jotzen dutela.

Puntu negatibo bat aipatu beharko bagenu, nazioartean arrakasta duten lanen euskaratzeak daukaten atzerapena izango litzateke, batez ere irakurle gazteen artean sekulako arrakasta duen nerabeen eleberri grafiko berriaren alorrean. Goian aipatu dugun Raina Telgemeierek, adibidez, liburu bakarra dauka euskaraz: Irri egin, Astiberrik 2022an kaleratua. Frantzian eta Espainian hamasei bat komiki baditu argitaratuta (beheko irudietan). Oztopoa, seguruenik, gurea bezalako merkatu murritz batean argitaratzeko halako bestsellerrek dituzten eskubide-prezio altuak izan daiteke. Baina agian komertzialki ere ez du gehiegi merezi ahaleginak. Zer zentzu du aurretik gaztelaniaz irakurri ahal izan diren liburuak euskaratzeak? Edozein kasutan ere, hori argitaletxeek egin behar duten -eta seguruenik egiten duten-hausnarketa da.

Olentzero eta Mari Domingi saku bete komiki

Oraindik Olentzero honetarako oparirik aukeratu ez baduzu eta azken orduko estresagaz itota bazabiltza, gogoratu komiki bat oparitzea aukera ezin hobea izan daitekela.

XXI. mendearen hasieratik, nobela grafikoaren kontzeptua gurean indarrez sartu zenetik, komikigintza batez ere helduen merkatu eremura begira bizi izan da. Azken urteetan komikiaren bidez edozein gaia jorratzeko aukera dagoela argi geratu da. Baina aldi berean komikiak helduen konkistara irten zirenetik, gazte eta umeen komikien hegala arras abandonaturik geratu zen. 2017an adibidez 29 komiki argitaratu ziren eta 29 horietatik lau baino ez ziren izan umeei zuzendutakoak.

Baina aurten panorama orekatuago bat ageri zaigu begibistan. Badira ume eta gazteentzako hainbat komiki. Komikipediako zerrenda begiratzea besterik ez daukazue. Aurtengo 25 komikien hartean 10 bat behintzat badira umeentzat ezin baino aproposagoak direnak. Aipatuko ditugu batzuk: Waluk, Ana Miralles eta Emilio Ruizen lan ederraren bigarren alea Astiberrik argitaratu duena edo baita Jordi Bayarrik Zientzilariak bildumaren barne kaleratutako bostgarren alea: Aristoteles.  Ikastolen Elkarteak Haur Besoetakoaren bigarren alea , Xanbi eta Unai Iturriaga HBren abentura mamitsuekin aurrera darraite . Hala ere Harriet etxea berriz ere, guztien buru jarri da kopuruaren aldetik. Kaleratutakoen komikien artean adin guztietarako komiki bikainak aurkituko dituzue. Eta guztien artean, euskal komikigintzaren aspaldiko klasikoa izan arren, berehalako arrakasta lortu du Mintxok gure etxeko gaztetxoen artean.

Ipurbeltzeko klasiko bat izan zen Mintxo. Miguel Berzosak sortu zuen, eta 1977-1983 artean argitaratutako istorio denak argitalpen batean bildu ditu orain Harriet argitaletxeak.


3, 2, 1… Getxo!!

Ostiral honetan Getxoko Komiki Azokaren edizio berri bat ospatuko da, hamazazpigarren edizioa izango da aurtengo.  Urriaren 19tik 21era binetaren munduaren zerikusia daukaten liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fanzineen salmenta-guneak kokatuko dira Areetako karpan.

Camille Jourdy, Jason Lutes, Javier Pulido edo Nazario bezalako atzerriko gonbidatu ospetsuak izango ditugu bertan. Azpimarratzekoa  Nazario komikigile espainiarrak jasoko duen omenaldia. Kontrakulturaren bide bihurgunetsuetan barrena ibilitako egile handia dugu Nazario.  

Baina lerroburuetan, ez dakigu zergatik, agertzen ez diren egileak ere izango dira Getxon. Lerroburuetan ez, baina Getxoko Komiki Azoka azken urteetan gehien auspotzen duten egileak berriro ere Xabiroi standaren inguruan bilduko dira.

Urtero legez Dani Fano arduratuko da Ikastolen Elkarteak sostengatzen duen standaren antolaketa lanarekin. Dani Fanoren jarraitzaileek badute aurten gainera pozteko beste arrazoi bat,  inoiz osatu duen lanik borobil eta mardulenarekin baitator Getxoko plazara, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Xabiroi edo liburuaren editorea izan den Astiberri argitaletxeko mahaietan erosteko aukera izango duzue.

Udazkeneko bigarren nobedade galant bat argitaratzen du Xabiroik, Haur Besoetakoa saileko bigarren albuma: Paristik datorren artista. Egileetariko bat larunbatean eta baita igandean sinatzen izango duzue Xabiroieneko standean, Sanvi marrazkilaria hain zuzen. Belatz ilustratzaileak Lucio Urtubia ekintzailearen bizitza biltzen duen eleberri grafikoarekin parajetuko da Getxora.  Aurtengo nobedade arrakastatsuenetako bat izanik larunbatean izango duzue egun osoz Getxoko standean.

Bestalde Asiskok inprentan liburu berri bat prest duen arren, AztiHitzak,  ez du lortu Getxoko azokara garaiz heltzea (kontuan hartu behar Getxoko azokaren datak aurreratu izanaren ondorioetako bat hau dela) baina  Durangokorako bai ziurtatu duela iruindarrak bere presentzia.

Eta Getxoko azokarekin jarraituz han izango dira ere Julen Ribas Guillermo Gonzalez, Adur Larrea, Iñaki Holgado, Zaldieroa… gure komikigintzaren ordezkaritza bikainena eta arkatzak zorrotz liburuak sinatzeko prest izango dira guztiak beti bezala Xabiroiko standean (hemen behean dituzue sinatze txandak).

Harriet argitaletxea ere, prest izango da aurretik Komikerin iragarri genituen liburu berriekin. Kalean dira Tomoë, Hasiera berri bat eta Mutuaren hitza.  (Atxikituriko loturan aurkitu dituzue xehetasun gehiago).

TOMOE T 1 EUSKERA.indd

Azkenik, aurten zoritxarrez Luterl taldeko lagunek, agenda arazoak tarteko, standik jarriko ez dutela azaldu digute, baina bertatik bisitan behintzat pasatuko direla ziurtatu dute.

 

 

Getxoko azoka 2013: kronika laburra

Getxoko azokaren edizio berri bat joan zaigu. Antolatzaileek pozik egoteko motiboak dituzte  Getxoko Azoka urteen joanean errealitate sendoa bilakatu eta estatu mailako Komiki azoken artean lehentasunezko lekua lortu duelako.

IMG_20131124_133842

Behin-behineko balantzearen arabera 22000 bisitaritik gora gerturatu dira Getxora eta  krisi garaiotan salmentak mantendu egin  direlako pozik xamar azaldu dira bertan postua jarri dutenek . Bestalde, nazioarte mailako artista entzutetsuenak ere ez dute hutsik egin aurtengo ediziora: Jan, Guy Delisle, Bryan eta Mary M. Talbot, Zapico etab. Beraz, edizio borobila.

Eta euskarazko argitalpenen harian ze berri Getxo aldetik? Azaldu genuen programazio ofizialean ez genuela ia ezer ikusi. Bai, ekitaldi bakarra Bizkaia Zubian Juan Luis Landa ilustratzailearen “1512: In Memoriam” izan da, oraindik ikusgai dagoen erakusketa ederra. Hortaz aparte  urteroko erreferentzi biak mantentu dira. Xabiroi eta Luterl-en standak. Batez ere Xabiroitarren standa bilakatu da euskarazko programazioaren azoka alternatiboa. Patxi Huarte “Zaldieroa”, Dani Fano, Iñaki Holgado, Sanvi, Adur Larrea... lehen lerroko komikigileak.

unnamed (2)Eta azpimarratzekoa den kontu bat. Xabiroikoek euren produktu propioei babesa emateaz aparte euskaraz argitaratzen diren beste argitalpen batzuentzat ere lekua izan zuten. Gauza bera ikusi genuen Luterl ondarrutarren standean. Euskal komikigintzaren inguruan dabiltzan eragile gehienak xumeak eta barreiatuak daude eta zein garrantzitsua den elkarren arteko kolaborazioa! Eragile hauen arteko koordinazioa ondo landuko balitz, gure ustez,  egoera oso bestelakoa izan zitekeen.

Getxoko Komiki Azoka Kultur agendan sendo  mantentzen den ekitaldia dugu, urte askotarako espero dezagun. Lortu duen maila aprobetxatuz, bestalde, Getxoko zita euskarazko komikigintzaren euskarri on bat izan daitekeela uste dugu. Horretarako antolatzaileek arreta berezia jarri beharko lukete euskal komikigintzan mamitzen den guztiari. Nazioarteko izarren distira mediatikoaren ondoan, gure izar propioen distira balioetsi dezagun.