Gora euskal herrientsak komikia

Gora euskal herrientsak komikiaren bitartez Errientsa edo maistra herrizaleak omendu nahi izan ditu Asiskok. Emakume Abertzale Batzako Jule Fernandez Zabaleta du protagonista, eta bere bizia ondoko lau emakumeenarekin elkartzen da komikian, ofizioz errientsa zirenak: Kapitolina Buztintze Larrondo, Maritxu Olabe Uzin, Katalina Alastuei Goikoetxea eta Malena Jauregiberri Erbin. Baina guk baino hobeto Asiskok berak azalduko dizkizue komikiaren nondik norakoak.

Basolako berri onak

“Basolatik berri onik ez” komikiari soinu-banda bat jarri behar balitzaio, ez litzateke izango, ez, Benitoren Orbaizetako arma olaren kantua, Orbaizetako fabrikan oinarrituta egon arren komikian agertzen den arma-ola. Samurregia da kanta gabiaren erritmoan, Traunku! Traunku!, sortutako komikiarentzat.

Komikiak Trash erritmoa baitauka, abiadura, bizkor doa istorioaren emaria, kolpez-kolpe, irudiz-irudi. Joseba Larratxeren marrazkiak bizi eta adierazgarriak dira, baina era berean, xehetasun txikienak ere jasotzeko gaitasuna daukate haren irudiek, marrazkiaz aparte koloreen ahalmena ere trebeki baitarabil; adibidez, sendatzaileak medikuaren zauria ixteko kakalardoaren pintzak erabiltzen dituen binetetan.

Asiskoren gidoia irudikatzea ez zen erraza izango, ez, oso konkretua baita alde batetik, Orbaizetako ola marraztu beharra, eta errealismotik gertu ibili beharra zegoen, baina, bestalde, gidoia oso irudimentsua ere bada. Asiskok euskal-mitologi berri bat asmatu baitu komiki honetarako propio. Zaila, baina behin emaitza ikusita, ez da dudarik, Asisko eta Josevisky-ren arteko elkarlana guztiz emankorra izan dela.

2010-20: Haur eta gazteen komikigintzarako ere, hamarkada oparoa

Zorionez gure komikigintzaren gaurko panoraman adin guztietarako egokiak diren gero eta komiki gehiago aurkitzen ditugu; baita ume eta gazteentzat ere. Artikulu honetan 2010-2020 urteen arteko gazte eta umeentzat komikiak aztertzen ditugu.  

Irakurle beteranoenek gogoratuko duzue aspaldian komikiak, tebeoak, haurrentzako produktutzat jotzen zirela. Tebeoa, Hego Euskal Herrian zabaldu zen izendapena da, komiki-aldizkaritxo xume eta merke bat izendatzeko erabiltzen zena, gure haurtzaroan edozein herriko kioskoan ogerleko baten truke eros zitekeena. Egungo tebeoaren oinordekoak Xabiroi eta Irria aldizkariak bihurtu dira. Baina orduko argitalpenen aldean kalitate askoz handiagoarekin inprimatzen dira gaurkoak; eta orduan baino askoz gehiago zaintzen da egileen autoretza. Gainera, Xabiroi aldizkariaren kasuan, aldizkaria album formako lan luzeagoak publikatzeko plataforma ere izan daiteke (hauxe izan zen bere garaian Tintin, Spirou, Pilote eta beste aldizkari franko-belgikarrak komikiak kaleratzeko estrategia) .

Irria, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduriko hilabetekaria
Tebeoetatik eleberri grafikoetara

Euskaraz, Pan-pin, eta ondoren, Kili-kili eta Ipurbeltz tebeoek izan zuten berebiziko garrantzia. Baina 90eko hamarkadaren ondotik, ohiko komikigintzaren gainbehera heldu zen. 90. hamarkadaren bukaeran nazioarte mailan irakurle helduarentzat  sortutako produktu “serioa” bihurtu zen komikia, nobela grafikoaren izenpean; komikigintza berriaren olatua atzerapenarekin Euskal Herrira ere heldu zen. Ordurako komikigintzak erabat galdua zuen irakurlego gaztearen estimua; ume eta nerabeak askoz interesatuago baitzeuden  bideojokoetan, kontsoletan eta antzeko produktuetan.  

Arian-arian , haur-gazteentzako komikiek medioaren etorkizunerako hain garrantzitsua den espazioa berreskuratzen ari dira, 2015 urtetik aurrera, batez ere.  Banan-banan, eta alfabetikoki ordenaturik, beherago aurkezten ditugu berpizte horren “errudunak” nortzuk izan diren.

Bilboko argitaletxeak baditu lehen irakurleentzat oso egokiak diren komikiak. Azpimarratzekoa da Waluk seriea. Waluk, klima aldaketara egokitzen ikasi duen hartz polarra da. Istorio samurrak dira Emilio Ruizek sortu dituenak, eta  Ana Mirallesek, akuarela teknika trebea ezin baino hobea erabiliz, irudi zoragarrietan moldatu dituenak. Hiru ale argitaratu dira dagoeneko. 

Waluk, klima aldaketaren arazoa umeei hurbiltzen dien hartz polarra

Aurten gainera, Astiberrik Txikiberri izeneko bilduma jarri du martxan. Etxeko txikientzat aproposak diren komikiak, katalanetik, galizieratik eta frantsesetik itzultzeari ekin dio, eta ondorengo komiki-serie ezberdinen lehen zenbakiak argitaratu dituzte: Biga 1. Benetan identifikatu gabeko animalia, Uxio eta Claude eta Morino 1. Madarikazioa.

Astiberri argitaletxearen aurtengo haur-komiki nobedadeak

Bartzelonako argitaletxeak  Super Patata izeneko seriea argitaratzeari ekin zion duela bi urte, eta dagoeneko serieak hamar titulu argitaratu ditu. Zein baino zein dibertigarriagoak dira Super Patataren abenturak. Lehen irakurleentzat guztiz gomendagarria da seriea, irakurtzeko erraza baita, eta komikiaren egileak, Artur Laperlak, trebeki erabiltzen dakielako marra-arineko irudiak, gainezka egiten dion irudimenak sortarazten diona islatzeko. Serie osoa gure artean aparteko arrakasta izaten ari da. 

         Super Patata, Super Arrakastatsua, hile honen bukaeran 10. alearekin borobilduko dute seriea

 

Euskal egunkaria gure egungo komikigintzaren hiru izar handiren babeslekua da: Antton Olariaga; Patxi Huarte, Zaldieroa ; eta Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin. Lehenengo biek tira komikoaren formatua lantzen dute egunero, Zakilixut eta De Rerum Natura izeneko komiki-sail beteranoetan. Hirugarrenak, Mattinek, Belardo pertsonaiaren istorioak marrazten ditu larunbatero Mantangorri gehigarrian, lehenago Euskaldunon Egunkarian agertu zen (Espainiako “justiziak” komunikabidea itxiarazi zuen arte). Belar-meta bat Belardo izanik, Berriak liburu batean”enfardatu” du: Belardo, ba al zatoz?

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena belardo.jpg da
Belardo, Mantangorriko orrietatik, liburu batean bizitzera pasatu den belar-meta.

Urnietako argitaletxeak haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko adin-tarterako interesgarriak diran hainbat izenburu kaleratu ditu dagoeneko; gehienak Frantzian izandako arrakastaren bermearekin euskarara ekarriak izan dira; eta ez da dudarik, gazteentzat erakargarriak abenturazko edo amodiozko kontakizunak izaten direla gehienetan. Halakoak dira Harald eta Ignir-en altxorra , Isaline: sukaldaritzako sorginkeria, Isaline: Sorginkeri izoztua, Inoiz ez … azken titulu hau, adibidez, Bruno Duhamel komikigilearena dugu. Herriko politikariei, eta baita naturen indarrei, aurre egiteko gai den amama zahar eta itsuaren parabola interesgarria. Urtea bukatzeko, Brunoren azken lana kaleratu du argitaletxeak: #Kontaktuberria.

Baina ezinbesteko liburua, gure ustez, Elefantearen tristura da. Barru-barrura iristen den istorioa, batzuetan gazia, besteetan gozoa, momentu oro sentikorra edo lazgarria; baina, era berean, mezu itxaropentsu eta baikor bat usten digun kontakizuna ere bada. Alderdi grafikotik azterturik, Nina Jacqmin, belgikar marrazkilari gaztearen lana bikaina da. Ikatz-teknika erabiliz, eta koloreei dagokienez, urdinera eta gorrira mugatuz, goibeltasun giro batean biltzen du istorioa. Gure ustez, hamarkadako izenbururik aipagarrienetako bat hauxe da.

Elefantearen tristura, Nicolas Antona eta Nina Jacqminen lan zoragarria

Derrigorrez aipatu behar dugu Ipurbeltzen garaietako Miguel Berzosa donostiarraren Mintxo pertsonaia, Harriet argitaletxeak berreskuratu duena. Gaurko umeen artean orduan bezain arrakastatsua izaten segitzen duen umorez betetako liburua. Bruguera etxearen ikutua dute Berzosaren istorioak, baina Mintxoren patua ez da, Bruguera pertsonaien kasuan bezala, aldez aurretik erabakita izaten. Mintxo herrikoia, kuxkuxero eta atsegina dugu, gauzak ondo ateratzen zaizkio batzuetan, beste batzuetan, ordea, ez hainbeste.

Eta aipatu behar da, nola ez, euskal zientzia-fikzioaren generoaren ikur handienetako bat dena, gaurkotu ondoren, berriz ere plazaratua izan zena 2016an, Jon eta Mirka. Komikia nerabezaroaren aurreko irakurleei zuzenduta dagoen arren, duen kalitateagatik edozein adinetako irakurleek gozatzeko modukoa da. Harrieten gidoiaren fantasia, Daniel Redondoren marrazki fina eta zehatzarekin bikain uztartzen dira; seguruenik marrazkilari donostiarraren lan aipagarrienetako bat hauxe da.

Harriet argitaletxearen katalogo anitza da, baina nerabeei eta gazteei zuzendutako irakurketak dira nagusi.

Jordi Bayarri egile valentziarra zientzialari ezberdinen bizitzak komikiratzeari ekin zion duela urte batzuk, 2012an zehazki, Galileo Galileiren bizitza komikira eraman zuenean. Euskaraz 2015ean kaleratu zen IkasElkaren eskutik, eta ordurik hona, badira beste sei liburu ondorengo urteetan argitaratuak izan direnak. Galileoren ostean Newton etorri zen, gero Marie Curie, Darwin, Aristoteles eta azkenik, Hipatia.  Jordi Bayarriren estiloa arina eta umoretsua izan arren, umeen irakurketarako egokia, ez da horregatik historia eta zientziaren zehaztasunetik urruntzen.

Jordi Bayarri, zientzialarien biografietan espezializatu den autorea

(Luterl taldea)

Euskoman: Izan ala ez izan,  komikia 2014ean kaleratu zuen Ondarruko Luterl taldeak. Ioni Artetxe da gidoiaren arduraduna eta Kaiet Bengoetxea marrazkia eta kolorearena, bere aldetik. Superman heroi antiheroikoaren binetak jatorriz Mantangorrin, Berriako gehiagarrian, argitaratu ziren.

(Turko comics)

Buyan komikia euskaraz argitaratzeko, komikiaren egileek Turko Comics izeneko zigilua sortu zuten, eta horrela, 2019an Buyan komikiaren euskarazko edizioa kaleratu zuten.  Aritz Truebak irudietara eraman zuen Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzitako gidoia. Hirurok komiki sendo eta borobil bat osatu dute, abenturaz eta emozioz josirikoa. Fantasia, mitoak eta historia dira Buyan eraikitzeko erabilitako osagai nagusiak; eta noski, eraikinaren porlana Aritzen marra garbiko estilo bizi eta dotorea izan da.


Buyan, kutsu mitologiko duten ezpata-abenturak

  

Pendulu baten erregulartasunarekin, urtero-urtero album eder bat uzten joan zaigu Ikastolen Elkartearen babesa duen Xabiroi aldizkariak. Badira 14 urte aldizkaria sortu zela, eta badira 13 kaleratu dituzten albumak. Behean zerrendaturik amaitzear dagoen hamarkadan plazaratu direnak. Gazte, ikasle zein ikasleen gurasoei interesa lekizkiekeen komikiak dira. Gidoiaren eta marrazkiaren kalitatea duten lanak dira, Xabiroi inguruan Euskal Herriko lehen mailako egileak biltzen baitira. Kaleratu berri den azken-azkena, Asisko eta Joseviskyk osatutako bikote artistikoaren lana dugu, Basolatik berri onik ez .

Arian-arian, komiki ondare garrantzitsu bat sortu du Xabiroik

 

Komiki berri bat saskira! Asiskoren “1620. Nafarroa Beheregaina”

Komiki berriak, aurkezpenak, ekitaldiak… 2019a urte oparoa izan dela, behintzat komiki ekoizpenaren ikuspuntutik, ez dago dudarik. Argitaratu den azken-azkena Nabarraldek editatu duen Asiskoren komikia dugu: 1620. Nafarroa Beheregaina. Datorren astelehenean, abenduak 2an, aurkeztuko du egileak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Euskal komikigileak Bruselako BD jaialdian

Bruselako Fête de la bande dessinée-k pasadan ostiralean zabaldu zituen ateak, eta bertatik pasatuko dira 250 egile baino gehiago, euskaldun egileak ere tartean izango direlarik. Aurtengoan Asisko, Alex Macho eta Harriet bertan dira euren liburuak sinatzen. Alex Macho eta Harrieten kasuan argitaratu berri duten liburua bertan aurkeztuko dute: Lotsa eta ahaztea, Harriet argitaletxeak kaleratu duen euskal bertsioan edo  La honte et l’oubli Glenatek kaleratu duen bertsioan.

Argazkien © Asisko, Alex Macho eta Camila de Epalza

Bruselako komiki jaialdia 2010ean sortu zen, eta 2015etik aurrera Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker, euskal komikigileek parte hartzen dute Komiki Jaialdian.

Vinhetas do Pais Basco

Asteburu honetatik aurrera Portugaleko Alentejo eskualdean kokatzen den Beja hirian , Nazioarteko XIV. Komiki jaialdia ospatuko da (XIV. Festival Internacional de BD de Beja). Urtean zehar hiri lasaia izan arren, egunotan komikiaren aitzakian guztiz eraldatzen da Bejako izaera. Mundu mailako bederatzigarren artearekin zerikusia duten ikuskizunak eta erakusketak antolatzen baitira hirian. Aurten 21 komiki erakusketa prestatu dira Bejako erdigune historiko ederrean. Eta munduko txoko ezberdinetako makina bat gonbidatu izango dira bertan ere. Portugalekoaz  aparte, brasildarrak, italiarrak, frantziarrak, suediarrak eta euskaldunak han izango dira, aurtengo ediziorako Euskal Herriko komikigileen ordezkaritza bat gonbidatua izan delako. Guztira lau euskal egile bertaratuko dira Beja aldera: Adur Larrea, Mattin, Asisko eta Mikel Begoña…   marrazkilariok ekitaldi ezberdinetan hartuko dute parte. Horrez gainera “Vinhetas do Pais Basco” izeneko erakusketa zabalik izango da maiatzak 25ean Bejako alde zaharrean kokatzen den Palacete Vilhena eraikinean. Gonbidatuen lanez gainera, euskal marrazkilari ezberdinen aukeraketa zabal bat izango da erakusgai bertan (20 egileen lanak) eta bisitariek euskal komikigintzaren informazio orokor bat jasotzeko aukera zuzena izango dute.

Naufragoarena

Daniel Defoek Robinson Crusoe idatzi zuenean, ez zuen sekula pentsatuko bere liburua hainbat hizkuntzetara itzuliko zenik, ezta bere nobelak hainbeste egokipen eta hainbeste interpretazio eragingo zituenik ondorengo mendeetan. Daniel Defoeren liburua literaturaren historian ezinbesteko klasikoa aspaldi bihurtu zen.

Robinson Crusoeren komikietarako adaptazioak ere ugariak izan dira. Euskal komikietara  Robinson ekarri zuen lehena Chiqui de la Fuente marrazkilaria izan zen, 1986 urtean, gidoia Carlos R. Soriak idatzi zuelarik.  Kriseiluk lau urte lehenago Larousse-Itacak kaleratutako liburua euskaratu zuen eta Literatura ikusgarria izeneko bilduman zerrendako 3. postua bete zuen. Eta Asiskoren Eusklabo alaiak iaz izan da sortu den azkena.

Jarraitu baino lehen, esan behar irlan dagoen naufragoarena, berez, aparteko jenero  bat  osatu duela komikigintza unibertsalaren historian.

Naufrago luze eta dotoreenak irudikatu zituen egilea, scan0007Josep Coll bartzelonarra izan zen. Naufrago guztien aita dugu Coll. Josep Coll puntako egilea izan zen  TBO etxeko plantilan. Hala ere, 1964ean lanbidea utzi eta eraikuntzan lanean hasi zen, ofizio horretan  komikietan baino askoz hobeak zirelako lan baldintzak. 80. hamarkada heldu zenean egile gazte eta kritikarien artean Coll goraipatua izan zen berriz. Batez ere marra-garbiko irudia erreibindikatzen zutenen artean, El Cairo aldizkariko lagunek batez ere, eta aldizkariaren zuzendaria, Joan Navarrok, Josep Coll  erreibindikatu zuten behin baino gehiagotan. Collen lanak bildu eta liburu bat kaleratu zuten  1984ean “De Coll a Coll”. Urte berean bere buruaz beste egin zuen  Collek.

Ipurbeltz ozeanoan ere, Ruben Arozenak famatuak bihurtu zituen naufrago indiar pare bat, Triski eta Bi Luma. Arozena joan zitzaigun eta irla txikian geratu ziran Triski eta Bi Luma betirako. Eta aaipatuko dugu, labur bada ere, poesia gutxi eta giza-historia gordinetik elementu ugari dituen Les esclaves oubliés de Tromelin, 2015ean Dupuisek argitaratu zuen komikia, gazteleraz iaz agertu zena. 1761ean gertatu zen benetako naufragio bat kontatzen da komikian. Beltz-tratularien ontzia hondoratu zen urte berean eta esklabuak eta  bahitzaile europarrak aurrez-aurre geratu ziran Indiako Ozeanoren erdian bakarturik dagoen Tromelin izeneko uharte txiki eta mortuan.  Errealitateak fikzioa gainditu dezakeela erakus dezakete komikiek sarri.

Bestalde, fikzioan barneratuz, eta muturreraino joanez, Philémon komikia dugu, aditu askoren aburuz komikigintzaren historian inoiz izan den maisulan handienetako bat. Egilea Fred marrazkilaria dugu, atalka Pilote aldizkarian atera zuen seriea 70. hamarkadan eta ondoren, albumetan argitaratua izan zen.

Eta gure irlara bueltatuz, Asiskoren eleberri grafikoak satiraren sokatik helduta ekarri ditu berriz Robinson eta Ostiral. Fikzioa erabiliz errealitate kolektibo bat agerian utzi du liburuak. Atalez-atal, kolpez-kolpe, marrazkera ezin espresiboago batez garatzen da diskurtsoa. Euskal nazioaren ahuleziak, konplejuak eta auto-engainuak naufragoaren katalejoaren lentean islatzen dira.

Marrazkeraren indarra eta espresibotasuna aipatu dugu, baina gauza bera esan dezakegu lengoaiaren erabileraren aldetik. Asiskok lengoaia tolestu, desegin eta berregiteko duen abilezia eta dohaia ez dago egile askoren esku. Olariaga baten esku izan ezik.

Juan Fernandez uhartea aspaldi utzi zuen Robinsonek, orain gertuagoko Intzura Handian kokatu ditu Asiskok Defoeren pertsonaiak. Bidasoa bokaleko irla txiki horretan ia kabitzen ez den parabola bat sortu du.  Euskaldunak kolonizatutako herri bat gara, liburuko kontrazaleko hitzak erabiliz, “errobintsonizatutako” herri bat gara. Eta kasu honetan Jekyll doktorea eta Mr Hyde-k bezala aurpegi biko pertsonaia da Asiskoren Robinsona. Alde bateko aurpegia galoa, bigarren aurpegia hispanikoa…

Eusklabo Alaiak iaz gure komikigintzak eman duen opari ederrenetako bat.

Erraondoko danbolinteroa

Behin baino gehiagotan esan dugu Asiskoren Erraondoko azken ttunttuneroa euskal komikigintzak daukan harribitxi politenetariko bat dela. 1917ko Arturo Campionen ipuin batean oinarriturik, Asiskok “ipuin-grafikoa”  bihurtu zuen Campionen lana. 1993 urtea zen.  1994ean, La Habanako Komiki Jaialdiak, Palma Real saria eman zion lanari.  Gaur post honetan aipatuko dugun liburua berriz Asiskorena baino  35 urte lehenago argitaratu zen, 1958. urtean, eta Asiskoren lanaren aurrekaria izan zen. Erraondo-ko azken danbolinteroa, liburua baino, egia esan, koaderno bezala katalogatu dezakegu , 22 orrialde baino ez baititu argitalpenak,  baina kontuan hartu behar dugu XX. mende erdialdean zentsura zela eta euskarak bizi zuen egoera zein zen. Alde horretatik begiratuta euskaraz argitaratutako lan bakoitzak du berebiziko garrantzia. Eta Erraondo-ko azken danbolinteroak bere garrantzia du, noski baietz.

Ez da komikia, ilustratutako ipuina da Erraondo-ko azken danbolinteroa. 20180228_135134Euskaltzaindiaren babespean argitaratu zen Graficas Ellacuria inprentan. Zutabe bitan antolaturik daude Justo Mari Mokoroak egokitutako testuak, euskaraz eta gazteleraz.

Ilustrazioen ardura Angel Badillok izan zuen. Angel Badillo Pardo (1926-2013)  akuarelatan berezitu zen pintore bilbotarra izan zen.   Arte Grafikoetan espezializatutako Grijelmo etxeko langilea izanik, afixak eta liburuetarako irudiak sortu zituen. Pintore bezala hainbat erakusketetan hartu zuen parte.