Tintin eta bineta misteriotsua

Tintin Ameriketan albuma birritan argitaratu da euskeraz, 1972 urtean, Etor argitaletxearen eskutik eta 1989 urtean, Elkarren eskutik . Edizio bien arteko konparaketa eginez funtsezko ezberdintasun batez ohartu gara: 47. orriko azkeneko binetan emakume beltz baten ordez zuri bat agertzen da 1989ko edizioan.

Hergék Tintinen istoriotxo hau Le Petit Vingtième aldizkarian atalka hasi zen argitaratzen 1931eko irailean, eta urtebetez baino gehiagoz luzatu zuen lana. 1945 urtean zintak batu eta koloreztatu egin zituzten eta album formatuan kaleratu zuen Castermanek. 1945 urteko edizio horretan 47. plantxaren amaieran emakume beltz bat ageri da besoetan haur bat duela, hau ere beltza.

Dirudienez 1973 urtean Castermanekoek erabaki zuten Estatu Batuetan argitaratu behar zen edizioan bineta hori aldatuko zutela. Emakume beltzaren ordez emakume zuri bat ezarri zuten “arraza-mistotasuna” saiesteko. Ondorengo edizio guztietan horrela mantendu da, Elkarren 1989ko edizioan adibidez. 1972ko Etor-en edizioan, aldiz, jatorrizko bineta ikus dezakegu.

Roald Dahl efektua

Sarean Roald Dahlen izena egunotan askoren ahotan dabil. Norbaitek –Puffin argitaletxeko editore bizkorren bat seguraski- idazlearen testuetako pasarte batzuk aldatzea erabaki du, gaurko umeentzat egokiagotuz. Roald Dahl 1990 urtean hil zenez, badakigu aldaketok egilearen baimenik gabe egin dituztela *. A posteriori politikoki zuzena izateko gogoak baditu bere ajeak. Nahiko eztabaidagarriak dira aldaketak, batez ere egilearen onespenik ez dagoenean. Hala ere, badakigu Tintin seriaren kasuan Hergék aldaketak onartu zituela edo onartu behar izan zituela.

*Nahiz eta, jakin berri dugunez, Puffinekoek erabakian atzera egin dute eta azkenean afera marketin-jokaldi trebe batean baino ez da geratu.  

Etor argitaletxearekin euskal komikia garai berri batean sartu zen

Tintin Ameriketan  Etor-en lehenenago edizioa garrantzitsua da euskal komikiaren historian. Hura izan zen publikatu zen lehendabiziko komiki-albuma. Ordura arte prentsako tirak eta komiki-aldizkariak izan ziren komikien euskarri bakarrak. Tintin Ameriketan gure komikigintzaren fase berri bat zabaldu zuen.

 

Lurbinttoko ohoinen oroimenez eta omenez

Ipar Euskal Herriko bilakaera historikoaren funtsezkoak izan ziren gertakizun bortitzak azaltzen ditu Lurbinttoko Ohoinak eleberri grafikoak. Ohoinen edo bidelapurren mundua baino askoz sakonagoa den errealitate bat ageriaren jartzen du liburuak: Konbentzioaren gerraren itzalean (1793-1795) bortizkeriaz inposatu zen Frantziako Iraultzaren eredu berriarena, Ipar Euskal Herriko eskubide historiko guztiak zanpatu zituena.

Lurbinttoko ohoinak komikia azaroan plazaratu zen Elkar argitaletxearen eskutik.  Egilea gure artean aski ezaguna den marrazkilaria dugu, Adur, eta komikia gauzatzeko EKE-Elkar fundazioaren sormen bekaren laguntza izan du. EKE-Elkar literatura beka euskaraz idazten duten ipar Euskal Herriko idazleei zuzendutako laguntza da. Lurbinttoko ohoinak bezalako lan luzeak eta eskergak burutzeko behar-beharrezkoak dituzte gure marrazkilariek oinarrian halako laguntzak izatea.

Lurbinttoko Ohoinak 110 orrialdeko ondo dokumentatutako komiki sendo bat da. Komikitik haratago, Iparraldeko bandolerismoaren fenomenoari buruzko benetako ikerketa bat da.

Lurbinttoko ohoinak  lan luze eta mamitsua baita. Lan horretan emandako ordu guztiak kalkulatzea ez da seguruenik erraza izango. Narrazioaren story board-a osatu aurretik, historia eta istorioak dokumentatzeko, ordu asko emango baitzituen egilearen sudurrak dokumentu eta artxiboetan murgildurik.  Eta ez artxiboetan bakarrik. Lapurdiko paisaia eta bazterrak ondo ezagutzen dituela komikiaren orri bakoitzean erakutsi digu: etxeak, bailarak, basoak, bideak, iturriak eta ohoinen gordelekuak.

Goian aipatutako ezagutza horrek, historia orokorraren ikuspegia galdu gabe, detaile txikiz hornitutako kontaketa interesgarri bat ahalbidetu du, sendoa bezain oparoa.

Azantza zaharra eta Mundutegi komisarioa, buruz buru.

Ahozko tradizioan oinarritutako mito lauso batetik abiatu, eta egileak komiki honen bitartez historia ulergarri eta logiko baten errailean jarri ditu ohoinak. Hau da gehien estimatzen dudan prozesua, eta ez alderantzizkoa. Lapurditik eraikitako ikuspegia galdu gabe, historia unibertsalaren partea den puzzle bat osatu du komikiak: Frantziako iraultza Konbentzioaren garaian; “Liberté, Egalité, Fraternité” lelopean iparraldeko euskaldunen pairatutako asimilazio behartua, bortitza eta azkarra; erresistentzia; desjabetzeak; Landetara deportazioa eta deportazioaren ondorioz eratorri zen sarraskia;  Azantza, Manex eta gainerakoek injustiziaren aurrean abiatutako borroka armatua; irabazleek ezarritako “pax romana”; eta esperantzarako leiho txiki bat amaieran.

Hain istorio gogor eta krudela islatzeko Adurrek zuri-beltzaren hautua egin du. Bete-betean asmatu du, zuri-beltzaren bitartez gaiak eskatzen duen seriotasuna lortzen baitu. Nahiz eta karikatura eta marrazkera sinplerako joera duen askotan, komiki honetan estilo horretako marrazkia umore ukitua dituzten plantxetarako gorde du. Akzio eszena garrantzitsuenetan, aldiz,  beste marrazkera mota bat nabarmentzen da, argi-ilunaren baliabide guztiak trebetasunez maneiatzen duena. Orriotan Adur autore klasiko onenen parean jarri da.

Hernanikomik-en lehen edizio arrakastatsua

Pasa den asteburuan ospatu zen Hernanikomik jardunaldien lehen edizioa. Eguraldi kaxkarra izan arren, bisitari ugari jaso zituen Atsegindegiko aterpean jarritako komiki-azokak. Euskarazko komikia ardatz duen jaialdiaren baitan jarduera ugari egin ziren. Hernanikomik, datozen urteetan, komiki euskaldunaren erreferentziazko jaialdi bezala sendotzeko baldintza guztiak betetzen dituela uste dugu. Argazki batzuen bidez jarduera horien lagin bat duzue.

Sua komikiaren aurkezpen musikatua

HernaniKomik edo gure komikigintzaren une gozoa

Euskal komikigintzan gertatzen diren hainbeste nobedade ezin post bakarrean batu. Baina jaio berri den HernaniKomik jaialdiaren inguruan izango diren ekitaldiak aztertuz, horietako albiste batzuk ezagutu ditu irakurleak.

HernaniKomik azokaren lehen edizioa. 

Azaroaren 18 eta 19an HernaniKomik azokaren lehen edizioa ospatuko da. Atsegindegiko aterpean izango den komiki-azokaren inguruan makina bat ekitaldi ospatuko dira. Komiki-aurkezpenak adibidez:

Ostiralean:
18:00 Haur besoetakoa: Unai Iturriaga
eta Alex Sanvicente.
Moderatzailea: Dani Fano
18:30 Laboa. Unai Iturriaga, Harkaitz
Cano, Joseba Larratxe.
Moderatzailea: Iñigo Astiz
19:00 Black is beltza II: Ainhoa.
Susanna Martin.
Moderatzailea: Xabier Etxeberria
22:00
Black is beltza II: Ainhoa filmaren
emanaldia Biterin.

Larunbatean:
18:00 Utzi azalari. Ainara Azpiazu (Axpi).
Moderatzailea: Iratxe Retolaza
18:30 Lurbinttoko ohoinak. Adur Larrea.
Moderatzailea: Iratxe Retolaza
19:00 Sua: Sutagar. Alex Tello; Julen Ribas
Moderatzailea: Mikel Soto
Aurkezpen musikatua. Su Ta Gar
taldekideak bertan egongo dira.

Lehen manga seriea euskaraz

Komiki-uzta eder hau euskaraz ekoiztu den lehen manga seriaren aurkezpenarekin osatuko da. Harriet etxeak labetik atera berri duen Cube Arts bildumaren lehen aleaz ari gara. Irakurle gazte eta nerabeen artean mangak duen indarra eta eragina kontuan izanda, duda barik bultzada handia ematera etorri den seriea dugu Cube Arts, eta gure komikigintzak hutsik zuen espazio bat beteko du. Kontuan hartzeko da adibidez, Europako indartsuena den komiki-merkatuan, Frantziakoan, mangek komiki berrien ekoizpenaren ia erdia osatzen dutela.

Joseph Camino saria

Gaurkotasuneko eta etorkizuneko ikuspegi bat emateaz gain -komikigintzako promesa gazteei Kromikilarien sariak emanez- gure komikiaren ondare historikoa presente izango da Hernanin. Komikigile aitzindariak saritzeko Bilbon sortu zen Joseph Camino saria berpiztu egin da Hernanin. Eta bosgarren saria Hernanin bertan jaiotako egile batek jasoko du: Jon Zabaletak.
Zabaleta gure komikiaren historiaren zutabe nagusietako bat izan da -eta da, oraindik oso aktibo dabilen autorea delako- beraz, larunbat honetan goizeko 12etan ondo merezitako omenaldia jasoko du.

.

Non eta noiz jaio zen euskal komikia (4 eta azkena): Niko eta Telesen burbuilak.


Frantsesetik bulles eta ingelesetik bubblesen hitzak eredu bezala hartuta,  burbuilak terminoa erabiliko dugu artikulu honetan komikietan ohikoak diren pertsonaien hitzak biltzen dituzten marra batez mugatutako espazioak aipatzeko. Filakteriak, baloiak, bokadiloak, globoak, fumettoak… ugariak dira gurean edo beste hizkuntzetan erabili diren burbuilen beste sinonimo batzuk.

Komikigintza “burbuilen artea” gisa definitu dute aditu askok, serie honetako lehenengo atalean esan genuen bezala, eta adituok  The Yellow Kiden  jartzen dute komikiaren historiaren abiapuntuan. Baina baziren, eta badira, burbuilak erabiltzen ez dituzten komikiak, beraz premisa labainkor baten aurrean gaudela uste dugu. 

Masereel maisuak ez zuen sekula burbuilarik erabili bere komikietan. Ideia liburua (1920), Iruneko Talka argitaletxeak kaleratu zuen 1995 urtean, Rara Avis bilduman. Hermann Hesseren hitzaurrea izan zen euskaratu behar izan zen gauza bakarra, komikia mutua baita.

Burbuilen erabilerak komikiaren irakurketan eragin handia izan zuela, bizkortasun eta dinamismo handiagoa emanez istorioei, inork ezin ukatu. Estatu Batuetako komikietan “asmakuntza” berehala hedatu zen, bederatzigarren artearen urrezko aro bat sortuz. Europan, aldiz, eboluzio geldoago bat eman zen. Esanahia azalduz, irudien behealdeko testuak luzaro mantendu ziren “kontinente zaharreko” komikietan. Azalpen testuen uztarritik askatu zen lehen egilea Alain Saint-Ogan izan zen eta hori ez zen gertatu data oso berantiar batera arte, 1925.

Europan, burbuilen erabileraren hedadura motela izan zen. Zig et Puce seriea aitzindaria izan zen, hala ere, 30eko hamarkadan oraindik irudiaren azpiko testuen erabilera ohikoa zen.

Teles eta Niko

Gurean Niko eta Teles dira berrikuntza lehenengoz Euskal Herrira ekarri zutenak. Euzko-Deya hamabostekarian, 1918ko apirilaren 1ean agertu ziren pertsonaiak, eta euskarazko komikigintzak eman dituen lehen pertsonaia finkoak izan ziren.   

Une honetan, ikertzaile batzuek, euskarazko komikiaren jaiotza jarri dute. Iratxe Retolazak, adibidez, Egungo euskal komikiaren historia liburuan hauxe azaltzen du: “1918. urtean agertu zen lehen euskal bineta: “Teles eta Niko”ren istorioak” (31. orr). Lehenago agertu ziren komikiei, beraz, ez die komiki kategoriarik aitortzen (izan ere, ez du komiki hitza erabiltzen Bitoriano Iraolaren lana aipatzeko) .  Jose María Unsain ere iritzi berekoa zen. Antecedentes del cómic en Euskadi (1894-1936)  liburuan hau zioen Teles eta Nikori buruz: “(….) presenta ya un incipiente  uso del globo o bocadillo de diálogo, uno de los requisitos basicos para poder hablar de cómic en sentido estricto” (2.orr). Beharbada, gaur egun ez dio ideia berari eutsiko. Garai hartan, 1989an argitaratu zen liburua, komikiaren sorrera The Yellow Kidekin gertatu zelako teoria oso boladan zebilen.

Euskarazko komikietan burbuilak 1918an erabili ziren lehen aldiz Teles eta Niko seriean. Batzuentzat euskal komikiaren ibilbidea serie honekin hasi zen.

Eta post honetan eskaintzen dugun azken ikuspegi honekin amaitzen dugu gure komikiaren jaiotza desberdinen ibilbidea. Hurrengora arte!

AZKEN OHAR BAT: Teles eta Nikoren egilea ezezaguna da, baina egilearen misterioa argitu dugula uste dugu. Enigmaren soluzioa hurrengo post baterako utziko dugu.

Non eta noiz jaio zen euskal komikia (3): Töpffer-Iraola connection.

Lehen postako bigarren puntuan adierazi dugun bezala, gaur egun aditu gehienek komikiaren historia Rodolphe Töppferekin hastea erabiki dute. Erdi erresumindurik azaltzen dute urruneko aurrekarien bila ibiltzeak ez duela merezi.

Beraz Rodolphe Töpffer komikiaren aitzindaria dela onartzen badugu, XIX. medean zehar aldizkari grafikoetan antzeko narrazio sekuentziala erabili duten egile guztiak ere, komikiaren kategorian merezimendu guztiaz sartu beharko ditugu. Frantzian Topfferiana webguneak ahaztutako artista hauek guztiak biltzeko lana hartu du.

Gurean ez dago Topfferianarik momentuz, baina zorionez gero eta ugariagoak dira gure lehen komikien altxorra gordetzen dituzten hemeroteka digitalak. Donostia Kulturakoan adibidez gure lehen komikirako plataforma izan zen  El Thun thun: semanario khoskero gordeta dago. Bitoriano Iraolak sortu zuen astekaria eta bera da gure Rodolphe Töpfferra, aldizkari horretan publikatu baitzituen lehen komiki istorioak. Jose María Unsain ikerlari oriotarrak Iraolaren lana ezagutzera eman zuen Antecedentes del cómic en Euskadi (1894-1939) aintzindari eta ezinbestekoa den liburuan(1).

Donostiako Liburutegian aldizkariaren ale batzuk baino ez dira gorde, eta horietako gutxi batzuetan ageri dira euskarazko komikiak. Bere komikien galeria osoa ikusteko Wikiland orri honetara jo dezakezue . Komikigintzaren historian modu apalean sartzen bagara ere, Bitoriano Iraolaren meritua itzela izan zen. Berak sortu zuen aldizkaria, berak idatzi zituen hainbat testu, berak ilustratu zuen aldizkaria eta, batez ere, berak sortu zituen gure historiaren lehen komikiak eta komiki tirak (nahiz eta aditu batzuek ez dioten pribilegio hori onartzen, hurrengo post batean ikusiko dugun bezala).

El Thun Thun aldizkaria, 1894-08-05, lehen euskal komiki tira

Bitoriano Iraola Aristegieta (1841-1919), Rodolphe Töppfer bezala, gizon jantzia izan zen. Antzerkigilea, Rodolphe Töppfer bezala. Poesia idazlea ere bai, Raimundo Sarriegik musikatu zuen zarzuela bat idatzi zuen… Iraolaren lana batzuetan karikaturaren eta komikiaren artean dantzan dabilen arren, publikatu zituen hainbat marrazki Topfferren lanari eman zaion komikiaren definizioarekin bat datoz. Eskuz idatzitako testu laburrak irudietan txertatzen ditu, marrazki eta testuen artean oreka mantenduz, eta istoriotxo laburrak osatzen ditu.

Iraolaren umorearen osagai inportante bat satira soziala da. Batzuetan, umorea gordin samarra da, Unsainek aipatu zuen moduan “algo subido de tono para el San Sebastian de la época”. Beraz,
XX. eta XXI. mendeko fanzinek landuko zuten umore mota baten aurrekaria ere izan zen Bitoriano Iraola.

(1) UNSAIN, Jose María Antecedentes del cómic en Euskadi (1894-1939) Donostia, Ttarttalo, 1989

Non eta noiz jaio zen euskal komikia? (2): Alaitzako horma-pinturak eta Iruñeko Bibliak.

Euskal komikiaren sorrera lehenengo atalean azaldutako baldintzen arabera aztertuko dugu. Zaharrenetatik berrienetara joango gara, hortaz, azaldu dugun 3. puntutik abiatuko gara: Komikia giza historiaren une ezberdinetan jaio zela dioen teoria. Ikuspuntu honetatik begiratuta komikia, Euskal Herrian, XII. mendean jaio zen.

Gurean Erdi Aroko kodizeak dira “irudietan idatzitako historien” adierazpen zaharrenak. XI. eta XV. tartean Europa osoan eskuz sortutako hainbat Kodize eta Biblia dira adierazpen horren erakusleak. Euskal Herrian bada adibide eder eta borobil bat aurrerago aipatuko duguna. Baina liburuetara jo aurretik, pintura erromaniko bitxi bat aipatu nahi dugu.

ALAITZAKO HORMA-IRUDIAK

Aipatzen ari garen narrazio bisualaren estandarretan sartzen dira, ate printzipaletik gainera, Alaitzako Andre Mariaren Jasokundearen elizako horma-irudiak. Zirkuluerdi-formako absidean, Bayeux-en tapizaren kasuan bezala, herrialdeko historiaren kronikak diruditen eszena batzuk daude. Irudi profanoak dira, ez dira eszena erlijiosoak, marraztuta dauden tokiari legokiokeen bezala.

Balleuxko tapizan bezala, gertakari epikoak dira nagusi Alaitzako elizan: hilketak, gaztelu bati erasoa, hileta bat…
Irudiaren © Erdi Aroko Araba

Irudi harrigarriak, eta Erdi Aroko Araban loturan azaltzen dutenez, irudien kronologia uste baino askoz zaharragoa da: XII. mendea. Arabako lurraldea Iruña-Nafarroako Erresumaren partea zen garai honetan. Irudietan kontakizunak daude. Balleuxko kasuan bezala … baina adituek ez dakite zer gertaera historiko irudikatzen diren eszenetan.

Hilketa eszena bat
© Erdi Aroko Araba

Eta estiloaren aldetik, irudiak sinpleak bezain eraginkorrak dira, ziragarriak. Araban gaudelarik, ez dizue goiko irudia Mauro Entrialgo baten pertsonaiak gogorarazten?

IRUÑEKO BIBLIAK

Bibliak pluralean, Antso Azkarraren aginduz bi biblia egin baitziren XII. mendeko azken urteetan. Ardura nagusia Ferrando Petri Funeskoak, erregearen kantzilerrak, hartu zuen. Bigarren biblia miniatura berriekin osatu zen eta, adituek diotenez, Petri Funeskoaz gain, beste hiru egile ibili ziren marrazki lanetan, eskuz marraztutako ia mila eszena agertzen baitira biblia honetan.

Itun Berri eta Itun Zaharreko pasarteez aparte, santu eta santen bizitzak ere agertzen dira kodizean. Beraz biblia bat baino gehiago da liburua. Eta pasarte batzuk kontatzeko erabiltzen den krudelkeria kontuan, pergaminoan isurtzen diren odol litroak kontuan, ez da Iruñako Biblia gure komiki gorearen aintzindaria izango?

Hurrengo post batean, euskal komikiaren sorrerari buruzko bigarren teoriaz arituko gara. Hurren arte!

Non eta noiz jaio zen euskal komikia? (1)

KOMIKIAREN JATORRIA

Komikiaren jatorria definitzea zein izan den betidanik sortu ditu eztabaida sutsuak adituen artean.

Urte askotan tesi zabalduenak komikia XIX. amaieran sortu zela azaltzen zuen eta Richard F. Outcault izan zela komikiaren aitzindaria 1896ko urriaren 25ean argitaratu zuen plantxa ezagunagatik. Egun horretako plantxan Outcaultek fonografo baten ahotsa burbuila batean marraztu zuen eta, azken binetan, Yellow Kiden ahotsa kamisoitik burbuilera pasatu zen -ordura arte Outcaultek elkarrizketak pertsonaiaren kamisoi horiaren gainean marraztu zituen-.

The Yellow Kid and his new phonograph, Richard Feldon Outcaultek marraztu zuen New York Journal egunkarirako 1896ko urriaren 25ean

Teoria honek oraindik jarraitzaile ugari baditu ere, ahulezi puntu ugariagoak ditu. Lehenengoa, Outcaultek ez zuela asmatu burbuilen sistema. Adibidez, XVIII. mendean William Hogarthek burbuilak erabili zituen bere grabatuetan, eta Thierry Smolderen ikertzaileak egile horren grabatuetan jarri du komikigintzaren hastapena. Bestalde, burbuilak erabiltzea komikiari bere izaera aitortzeko ikuspegi nahiko murriztailea da. Gaur egun -eta betidanik- izan dira burbuilen beharrik ez duten komiki  istorioak.  Komiki mutuak, edo testuak beste era batean antolatzen dituzten komikiak, ugariak dira.   Europan burbuilak ez ziren pasadan mendeko 30. hamarkadara arte hedatu.

Hala ere, azken urteetan izen propio bat nagusitu da beste guztien gainetik: Rodolphe Töpffer (1799-1846). Töpfferrek ez zituen burbuilak erabili, baina lehenengoz arte berriari izen bat eman zion: “litterature en estampes”. Izan ere, ikertzaile askok aitortzen diote komikiaren lehen teorikoa izatearen estatusa ere. Zazpi album argitaratu zituen 1833 eta 1846 bitartean. Karikaturarako joera duen marrazki sinpleak erabiliz eta testu laburrak marrazkiotan txertatuz “nobela moduko” bat sortu zuen.

Histoire d’Albert, Rodolphe Töpffer 1845

Topffer Yellow Kid eztabaida horretan Art Spiegelmanen iritzia argia da: komikigintza ez zen sortu Yellow Kidekin, komikien merkataritza aldiz bai.

Baina badira ikerlariak oraindik urrunago doazenak. Irudien bidez kontatutako istorioak beti izan dira giza historiaren bidelagun. Azken finean komikiaren definizio zabalenak komikia irudiz osatutako narrazio edo kontaketa sekuentziala dela azaltzen du. Gerard Blanchard izan zen ideia hau arakatu zuen lehena,  1969 urtean liburu hau publikatu zuenean: Bande Dessinée; Histoire des Histoires en Images de la préhistoire à nos jours. Historiaurrean, Antzinaroan, Erdi Aroan narrazio grafikoak, komikiak, ohikoak izan ziren.

Bayeuxeko tapiza, 1077 urtean brodatu zen 70 m-ko luzera duen komikia.

Oraindik ere adituen artean ez dago erabateko adostasunik komikigintzaren jaiotza non eman zen azaltzeko. Aditu bakoitzak bere postulatu pertsonaletan oinarrituta, jaiotza bat edo bestea aukeratuko du; baina gorago azaldutakoaren arabera, gaur egun komikigintzaren iturburu nagusiak gorago azaldutako hirurak dira:

  1. Yellow Kiden burbuiletan (1896)
  2. Rodolphe Töppfer-en lanetan (1836-1846)
  3. Giza historiaren une ezberdinetan.

Irizpide berdinak erabiliz, gure blogaren hurrengo ataletan euskal komikiaren jaiotza zehazten saiatuko gara. Laster arte

Natasha, bihar aurkezpena Donostiako Komikigunean

Bihar Donostiako Komikigunean Natasha eleberri grafikoaren aurkezpen ofiziala egingo da. Han izango dira komikiaren egileak: Koldo Almandoz (gidoigilea) eta Aritz Trueba (ilustratzailea). Koldo Almandoz 90 hamarkadan Napartheid fantzine mitikoaren parthaidea izan zen, Odlok bezala sinatzen zuen. Zitroi ur komikiak lan kolektiboaren koordinazio lanetan ere aritu zen. Ondoren, komikian baino, zinemagile eta kazetaria bezala nabarmendu da Almandoz. Aritz Truebaren lana ezagunagoa da guretzat, azken boladan Bujan komikiak izan duen oihartzun zabalaren eraginez.

Aipatu behar dugu gainera Farmazia Beltza argitaletxearen lana. Komiki berriak argitaratuz bide interesgarri bat zabaltzen ari da. Hau argitaletxearen bosgarren komikia dugu.

Aurkezpenaren informazioa:

KOMIKIGUNEA: “Natasha” komikiaren aurkezpena
Ostirala, 27. Maiatza 2022, 11:00 – 12:00
Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako komikiaren aurkezpena: “Natasha” Partaideak: Koldo Almandoz (gidoia) eta Aritz Trueba (marrazkia) (Hizkuntza: euskara)

Jacob, gaueko argi-ilunak

Post berri honetan 2021ean argitaratutako komikiak aztertzen jarraitzen dugu. Oraingoan Txalapartak publikatutako Jacob, gaueko langilea liburuarekin gatoz. Alexandre Jacob nor izan zen ezagutuko du komikia irakurtzen duenak. Hori behintzat da Léonard Chemineau ilustratzaile eta Matz gidoilariaren asmoa, Alexandre Marius Jacob anarkistaren bizitza ezagutaraztea eta zabaltzea.

Jacob, gaueko langileak

Alexander Jacob  eta bere lapur taldea ospetsua bihurtu zen Belle Époque garaian. Kazetariek gaueko langile ezizenez bataiatu zituzten, izan ere, Robin Hooden izpiritu berarekin, aberatsei lapurtzen zieten eta lortutakoa txiroen artean banatzen zuten.

Istorioa Amiens-eko auzitegian, 1905ean, akusatuaren eta akusatzailearen arteko pultsu dialektiko zorrotz batekin hasten da. Akusatua Jacob da. Ondorengo orrietan akusatzailearen eta akusatuaren arteko eztabaidan sartzen diren flashback-ek osatzen dute komikiaren egitura nagusia. Ontzi-mutil bezala ontziratu eta Jules Verneren liburuak itsasora bota zituenekoa bete du lehen kapitulua. Mundua ez zen Verneren nobelek irudikatzen zutena, ez. Bortxaketa saiakera bat jasan ondoren Sydneyn desertatu eta itsaslapur bilakatu zen… geroago, lehorrean berriz, tipografoaren lanbidea hartu zuen. Anarkisten ideiak ezagutu eta xurgatu zituen eta ideiok bere erara aplikatu zituen. Epailearen mailuak mahaia jotzen duenean flashback guztiak amaitzen dira. Hortik aurrera Jacobek, testu-kaxetatik, bere historia zuzenean kontatzen dio irakurleari.

Bere amak Jakobentzat duen garrantzia agerian geratzen da komiki osoan zehar

Ama

Goi-klaseen “desjabetzaile” gisa egindako ibilerez gain, azpimarratzekoa da, maila pertsonalean, Jacoben bizitzan bere amak duen garrantzia. Bai haurtzaroan, bai espetxealdian, bai alargun-aldian… sarritan agertzen da amaren figura komikian zehar, eta harreman estu horrek, nolabait, pertsonaia gogorrari itxura samurrago bat ematen dio. Bere amari egindako dedikatoria batekin ere zabaltzen ditu bere memoriak liburua – komikiaren bibliografian aipatzen den Alexandre Marius Jacob, écrits -.


Marrazkia, iturriak…

Chemineauren marrazkera klasiko eta txukuna da, batzuetan bikaina izatera iristen da ere. Agian bere lanik onena bere opera prima Les amis de Pancho Villa izan daiteke, baina hala eta guzti ere liburu honetako irudi garbiek erraz eramaten gaituzte Jacoben biografiaren pasarte garrantzitsuenetan barrena. Biografia eraikitzeko Matz gidoigileak erabili dituen iturri nagusiak azken orrian aipatzen dira eta hoien artean gorago aipatu dugun Alexandre Marius Jacobs, écrits dago. Eta aipatzekoa da, baita ere, komikia argitaratzen duen Txalaparta argitaletxeak berak, 1991 urtean, argitaratu zuela Bernard Thomasen Jacob, recuerdos de un rebelde liburua. Biografia hori osagarri ezin hobea izan daiteke komikia irakurtzeko, nahiz eta biografia nobelatua izan.

Hollywood estiloko amaiera

Baina Hollywoodeko filmetan bezala komiki honetan errealitate historikoa kontsumitzailearen gustura bihurritu, egokitu eta tolesten da. Jacob, gaueko langileak liburuaren azken atalean debaldeko tesi “historiko” bat ematen digu Matzek, Jacobek Bartzelonara 1936an egin zuen bidaiaren aitzakira. Tesi horren arabera Espainiako Errepublikaren galera komunisten eskutik etorri zen, “komunistek anarkistak saldu zituztelako” eta okerrena, Matz gidoigileak tesi hori Jacoben ahotan jartzen duela da. Baina kontua da Jacoben memorietan Bartzelonan egon zenik inon ez dela aipatzen, eta Pepitas de Calabaza argitaletxearen edizioan, Por qué he robado y otros escritos, epilogoan, Bartzelonan egon zela ere ezin dela ziurtatu azaltzen du. Hauxe dio epilogo horrek: “demuestran una vez más de qué forma se tejen en la historia las falsedades al conjeturar determinados comportamientos cuando se carece de la prueba documental pertinente” (255. orr.). Beraz Jacob Bartzelonan egon zela nekez sinets dezakegu, eta nekezago oraindik egiten zaigu hitz horiek edo antzekoak esan zituenik sinestea. Komiki biografiko batean fikzioak ere lekua izan dezakeela argi dago, baina fikzioa eta faltsukeri tranpatiaren artean alde handia dago.

Jacob, Bartzelonan?

Matzi, antza, ez zaio komeni jakitea Espainiako Errepublikaren galera batez ere mendebaldeko gobernu demokratikoen eskutik heldu zela. Leon Blumek, Frantziako “ezkerreko” gobernu baten buruak, eta Anthony Edenek, Britania Handiko lehen ministroak, biek batera, Comite de no intervención  sortu zutenean, 1936ko abuztuan, heldu zela galera. Comite horren ondorioz espainiarren II. Errepublika zuzenean zulora joan zen. Erakunde anarkisten borrokaren erabateko idealizazioa oso erakargarria izan arren, inork eztabaidatzen ez dituen meritu itzelen ondoan -nahi duenak Urbieta kaleko borroka komikia irakur dezake- ezkerreko beste mugimenduek bezala, borroka horrek izan zituen batzuetan hain distiratsuak ez ziren alde batzuk ere. Dena ez zen heroismo erromantikoa izan. Errepublikano abertzale katalanisten jazarpena adibidez – Carrasco i Formigueraren kasua adibide esanguratsu bat da- edo Francoren alde, Casado jeneralak zuzendutako estatu-kolpean anarkistek izan zuten parte hartzea ere hor dago.

Argia eta ilunaren kontrastea ez da bakarrik zuri-beltzeko komikietan ikusten. Jacob, gaueko langilea bezalako komiki koloretsuetan kontrasteak daude eta kontrasteak behatu eta dastatzea da gure plazerra.