Shengalera arte lorik ez

Mausek bide bat ireki zuen laurogeiko hamarkadan. Holokaustoa bezalako gai izugarri bat marrazkitxo sinpleekin landu zitekeela erakutsi zuen…

…benetan “sinpleak“ baitira Art Spiegelmanen irudiak. Baina Spiegelmanek, komiki-lengoaiaren baliabide guztiak ondo menperatzen dituen egilea izanik, arte lan borobila osatu zuen. Komikia entretenitu eta informatu zezakeen artea zela gauza jakina zen, baina zaila zen orduan pentsatzea hain gai delikatu eta konplexuari heltzeko kapaza izango zela. Baina kapaza izateaz aparte, Spiegelmanek Pulitzer sari bat lehenengoz komikiarentzat lortu zuen.

Mausen euskarazko edizioa 2022an argitaratu du Astiberri argitaletxeak. Julen Gabiriak egin du itzulpena.

No Sleep till Shengal

Gaur egun ere gertatzen dira genozidioak, gure muturren aurrean gertatu ere. Irakeko yezidiek, edo ezidiek, Estatu Islamikoaren genozidioa jasan zuten 2014ean. Ezidiarren hondamendia izan zen. Gerra askotan gertatzen den legez, emakumeek jasan zituzten sarraskiaren alderik larrienak: umeen bahitzeak, bortxaketak, esklabutza sexuala…

Zerocalcare komikigile italiarraren No sleep till Shengal komiki galantak orduko gertakariak eta gaur eguneko egoera aldaratzen ditu. Erromako Kurduen Etxetik komiki bat egiteko gonbitea jaso zuen Zerocalcarek. Shengalera joatea eskatu zioten, Irakeko lurraldean dagoen hirira. Komikiaren lehen orrietan islatzen den bezala, bere enkargua betetzeko izan zituen zalantzak Zerocalcarek. Bere kontraesan eta beldurrak, bere aspaldiko armadilo itxurako lagunaz aparte, liburu honetan kristalezko pote baten barrutik hitz egiten zion Descartesen buru batek azaltzen zizkion.

Farmazia Beltza argitaletxeari esker Zerocalcareren hainbat lan euskaraz irakurtzeko aukera dugu: No Sleep Till Shengal lan berriaren aurretik, Hondamuinean izeneko lana argitaratu zuten 2018an, eta haren bigarren atala kaleratu zuten ondoren: Hondamuinean, sei hilabete geroago. No sleep till Shengal komikiaren osagarri Kobane Calling izan daiteke, euskaraz 2020an kaleratu zutena. 

Hierba

Esklabutza sexualaren gaia jorratzen du Hierba komikiak ere (gaztelaniaz Reservoir Booksek argitaratu du). Lee Ok-Sun emakume korearraren biografia jaso du Keum Suk komikigileak liburu sendo batean. Komiki gogorra da Hierba, tristea. Koreak II. Mundu Gerra garaian Japoniarren basakeriak jasan behar izan zituen eta Hierba komikiak zehatz-mehatz azaltzen du esklabu gisa aritu zen emakume korear baten gorabeherak. Iturri batzuen arabera 200000 emakume inguru izan ziren prostituziora derrigortuak garai hartan. Beste kasu askotan bezala, nekazari-famili txiro bateko alaba izan zen Ok-Sun eta egoera ekonomikoak behartuta eta engainuen bidez, Ok-Sun maleziagabeko umea, lehenengo lan-esklabotzara behartua izan zen eta ondoren prostituzio sareetara. Bere bizitza zuri-beltzeko komiki luze honetan islatzen da.

Motxila bat

ISIS taldearen aurrean ezidiek jaso zuten laguntza militar bakarra PKKko kurduena izan zen. Ezkortasunetik gelditasunera ohiko den zubitik igaro beharrean No sleep Till Shengalek esperantzarako lehio batzuk zabalik uzten ditu.

Maus Auschwitzetik bizirik atera zen Vladek Spiegelmanen istorioa da, bere seme Art-i kontatua. No sleep Till Shengalen kontakizuna Zerocalcare marrazkilariak zuzenean jasotako bizipenetan dago oinarritua. Hierba, aldiz, Lee Ok-Sunren testigantzetan. Bere gordintasunean eta garraztasunean ere, hiru komiki sendo eta bikainen aurrean gaudela ez da dudarik. Baina No sleep Till Shengalek kasuan, beste liburu biren garraztasunaren ondoan, umore puntuak ere agertzen ditu. Eta are garrantzitsuagoa dena, distantzia eta ezkortasun-nihilista batean erosotasunean gelditu beharrean, Zerocalcarek motxila esperantzaz kargatu eta Shengaletik bueltan bere komikia eskaini digu.