Udazken-negurako Habiak (I)

Txalaparta argitaletxeak euskal komikigintzaren itsaso barean aurtengo bigarren zartakoa eman du. Itsasoa iadanik ez da horren barea.   Tafallako argitaletxeak kalitatezko komiki bi argitaratuz bi uhin eder sortu ditu.

Nazioarteko komikigintzarik onenagaz zabaldu zuen Txalaparta argitaletxeak 2013. urtea Jose Carlos Fernandesen “Munduko bandarik txarrena” argitaratuz, eta urtea  berto-bertokoa den eleberri grafiko batekin itxi du. Bertokoa baina  “nazioarte maila” horretako lurrin freskoena daroan kontakizuna da Habiak. Bai, hala uste dugu, estiloaren aldetik, Manuele Fior, Camille Jourdy… tankerako egileak dakarkigu gogora Habiak eleberri grafikoak, hau da, Europako komikigintza berrienaren zantzuak sumatzen ditugu  bere baitan. 

habiak

Aurrera jarraitu aurretik,  liburuaren inguruko ezaugarri fisiko batzuk aipatu behar ditugu ere. Mamia interesgarria bada, kanpoko itxura ezta gutxiago. Habiak liburu ederra da. Kolorez hornitua, ederto diseinatua eta maketatua,  130 orrialde eta azal gogorreko liburu galanta dugu emaitza. Edizioa, alde guztietatik, oso zaindua izan da.

img065Lan hau definitzeko “Eleberri grafikoa”, denetarako balio den termino higatua baino, beste bat asmatu eta  erabiliko dugu hemen: “Poesia grafikoa”, komikigintzatik haratago poesiatik hurbilago kokatu dezakegulako “Habiak” bezalako komiki  barnekoi eta sentikorra. Maite Gurrutxagak ilustratu duen lan honen jatorria ezagutzeko, baina, beste genero literario batera jo behar dugu, antzerkigintzara. Dejabu panpin laborategiak, sortutako  antzezlan bateanpi oinarritu baita “Habiak”. Antzerki taldekoak Maite Gurrutxagarekin harremanetan jarri ziran eta antzeslana komikia bihurtzea proposatu zieten, “gure harridurarako baietz esan zuen” eta Maitek gidoia bere erara moldatu izan du. Beraz antzerkia, eleberria zein poesia, genero literario ezberdinak, Txirritak esango lukeen moduan, “iturri asko nahasten ditu” gaurko komikigintzak. 

 Negu-udazkeneko koloreekin jantzita dator “Habiak”. Hiriko paisaian nabaria da hotza eta hezetasuna.   Giro honetan istorio pertsonal bi harilkatzen ditu narrazioak. Kulturaz eta adinez urrun dauden pertsonai biren istorioak, Abiadura Handiko Trenak deserrotu duen Larraundiko Simon zaharra eta Bosniatik heldu berri den Selma erizain gaztearen arteko harremana. 

Baina hain leuna, hain malenkoniatsu dirudien nobela honen azpitik dabilen kritika ez da batere leuna. Komikiaren lehenengo biñetek adibidez, AHTren lanak direla eta, aurrerapenaren izenean egin diran lur desjabetze baten ondorio lazgarriak irudiz irudi deskribatzen dituzte. Lurrean sustraiak dituen baserria landare baten antzera zuztarretik atera eta airean doa kaletarra bihurtu duten baserritarraren lorontzira.  Poetikoa eta mingarria era berean.

Lurrarekiko lotura eta ardura gure literatura grafikoren historian behin baino gehiagotan agertu den gaia dugu, gogora datorkigu adibide moduan Antton Olariaga eta Lurdes Iriondoren “Asto baten malurak”  ipuin zoragarria.

Orduan bezala,  Maite Gurrutxagak bere erara egokitu du Dejabuk emandako lehen gidoia eta bete betean asmatu duela uste dugu.

Maite Gurrutxagarekin berbetan…

© Txalaparta
 
 
Maite Gurrutxaga (eskuinean), Dejabuko taldekideekin
 

Komikeri. Proiektu luzea izan da Habiak. Ilustraziogintza baino esfortzu handiago behar duen generoa da komikigintza. Zelakoa izan da zure esperientzia (lanaren aldetik)

Maitek. Ez dakit ilustraziogintzak baino esfortzu handiagoa eskatzen duen komikigintzak, ez dut uste hori derrigorrez horrela denik, baina kasu honetan egia da esfortzu handia izan dela, bi urtekoa gutxi gorabehera denboran, eta kontatu ezin ahala buruhaustetan.

Habiak-ek, Nidos erderaz, Dejabu panpin laborategiaren “Gizona ez da txoria” antzerkilana du habiapuntu. Antzerki gidoi hau komikira pasatzea izan da zailtasun handienetako bat komikia sortzeko garaian; story boarda egitea eta istorio hori beste medio batean osatzea, baina baita gehien gozatu arazi didan gauzetako bat ere, lengoaia sekuentzialean murgiltzea, istoria kontatzeko estrategiak eta moduak billatzea, probatzea…

K. Ildo honetatik aurrera segitzeko asmorik?

M.. Asko gustatzen zait komikiak irakurtzea eta asko gustatu zait komiki hau sortzea ere, oso gustoko dudan medioa da, eta asko ikasi dut lan hau egiten, beraz, ikusirik esfortzuaren gainetik zenbat gauza eman dizkidan, jorratzen jarraitzeko moduko bidea iruditzen zait. Ilustrazioa eta komikigintza familia berekoak direla esango nuke, narrazioa dute helburu biek, beraz, ez dut uste komikigintzatik hurrunduko naizenik…

K. Liburua eskuan daukazu pozik geratu zara emaitzarekin?

Bai, pozik geratu naiz emaitzarekin. Batzutan zaila izaten da originala eta    inprimatutakoaren arteko aldeak onartzea, baina kasu honetan pozik geratu naiz. Txalaparta argitaletxe eta Esteban Montorio diseinatzailearekin batera edizio lana asko zaindu da, maketazioa eta tipografia, paperaren kalitatea, guardak, azal gogorrak… eta baita inprenta lana ere, eta esfortzuak pena merezi izan duela esango nuke.

 
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s