Ondarroako komiki jardunaldiak martxan

Luterl taldeak antolatuta, 20. Komiki Jardunaldiei hasiera emango diete. Programazio osoa Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzan kontsulta dezakezue. Aurtengo jardunaldien ardatza, Ondarroan bizi den Carlos Gracia Txarli artista bilbotarraren lana izango da. Marra eta hizki deserosoak erakusketa antolatu dute Txarliren lanarekin.

Aurtengo kartela Txarliren lana izan da

Txarliren inguruan ere informazioa borobiltzeko, Luterleko lagunek bidali digute testua:

Carlos Gracia (Bilbo, 1969) jartzen du bere nortasun agirian, baina guztiek TXARLI legez ezagutzen dute. Umetan Portugalete eta Trapagaranen bizi izan zen, gerora Getxon eta Deustun eta Ondarrura maitasunak ekarri zuela dio. Aita da, bi seme-alaba ditu.

Kazetaritza ikasi zuen baina ez du horretan inoiz lan egin. Beste lanbide batzuk izan ditu. Zineman eta telebistan ere aritu zen “atrezzista” edo ekoizpen lanetan; Euskal Telebistan eta “La Sextan”. “Un mundo casi perfecto” (2011), “El precio de la libertad” (2011)  Mario Onaindiaren bizitzan oinarritutako miniseriea, “Ander” (2009) eta “Un otoño sin Berlin” (2015) filmeetan lan egin zuen.

Marrazkiak ume-umetatik egiten dituela dio. Eskolan leku guztietan marrazten aritzeagatik behin baino gehiagotan zigortua izan zen. Eibarko PORROT fantzinearen orrialdeetan azaldu ziren beren lehenengo irudiak. Gerora etorriko ziren; EL TUBO, LA GALLINA VASCA, Deustuko PREST euskarazko aldizkaria. Eta KALE GORRIA aldizkariaren azken zenbakia ere, Audientzia Nazionalak itxi baino lehen.

Lagunek crowdfunding bidez bere istorioen lehen bilduma oparitu zioten ezustean; “RELATOS INCOMODOS”. Ostean MARIOLA REIGOSArekin elkartu eta MIREN OLATU zaindari banpiroaren bi album argitaratu ditu, autoedizioan.

Grafittero-muralista ere badugu, eta GATZ taldearen “Zertan sinetsi” kantaren bideo-klipean ikusi daiteke nola moldatzen den espraiekin.Honako hau bere bakarkako lehen erakusketa da”.

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.