Euskaldunak erdal komikietan ( eta VI) : euskaldun bat Boerren artean

Bigarren Boerren gerra garaian (1899-1902) girotuta dago Glenat argitaletxeak abuztu honetan kaleratu berri duen komikia. Les aventuriers du Transvaal seriearen lehen alea da L’or de Kruger izeneko liburua. Jarraitu aurretik azal dezagun Boerrak Hegoafrikako lurrak okupatu zituzten  herbeheretar jatorriko kolonoak izan zirela. Britaniarrek  kostaldeko kolonietan estutu zituztenean, tokiz aldatu eta Hegoafrikako barnealdean estatu propioak sortu zituzten XIX. mendean. Hala ere, Britaniar Inperioaren gosea aseezina zen eta Boerren errepublika berrien aurkako gatazka eta gerrak aurrerantzean ere ez zuten etenik izan.

Jean-Claude Bartollek idatzi duen gidoiaren buru Pit eta Ortzi  izeneko pertsonaiak agertzen dira. Estatubatuarra lehenengoa eta euskalduna bigarrena. Euskaldun bat 1900ko hegoafrikan aurkitzea zaila dirudi, baina euskalduna izateaz aparte, aldamenean far westeko zalditeriako kide ohi bat abentura-lagun izateak are eta gehiago zailagotzen du komikiaren sinesgarritasuna. Baina 1900eko Hegoafrikan dabilen euskalduna, far westeko zalditeriko kide ohi bat abentura lagun duena eta, horrez gainera, anarkista dena… eta Ortzi bezalako izen ezohiko bat duena, zinez, askoz ere sinesgaitzagoa egiten digu liburua. Seguruenik garai hartako euskaldun anarkista bakarra izan eta Hegoafrikara joan beharra ere! Txapel xume baten ordez 70. hamarkadako rock izar baten kizkur adats  luzeeekin marraztu du Ortzi Bernard Köllé marrazkilariak. Sinesgarritasun aukerak ez dira  gehiegi handitu.

Eta inor aspertu aurretik gaiaren harira azken puntua. Pit eta Ortzi bikote bitxiaren istorioaren hasi-hasieran britaniar gazte bat heriotzatik salbatu dute. Nor eta Winston Churchill!

Baina ze demontre… Comanche edo Blueberry bezalako klasikoen eragin nabarmena duen fikzio istorio honek ez du gehiegizko sinesgarritasunaren beharrik. Eta komiki klasikoen klabeetan ondo funtzionatzen duen  L’or de Krugerren heroiak  heroiak dira, eta far westeko paisaia tipikoa ordezkatuz Afrikako sabana luze eta zabala hedatzen da binetetan alderik alde.