Cesar Llaguno, komikia mendiari so

Cesar Llaguno (Balmaseda 1972) arkitektoa da, baina 2007 urtean bineten mundura aurreneko jauzia ematea erabaki zuen. Ordutik hona hainbat argitalpenetan ikusi ditugu bere kolaborazioak: El mundo de los Pirineos, Euskal herria, Alpinist, Oxigeno, Trailrun, Medicos del mundo magazine… Iaz, Ramon Olasagastirekin batera, Iñurrategi anaien ibilbidea ardatza duen Iñurrategi anaiak: mendiari bihotz emanak kaleratu zuen. Aparteko arrakasta lortu zuen. Gaur Cesar hobeto ezagutuko dugu Kike Infamek zuzendutako elkarrizketa luze eta sakon honen bitartez.

Marrazkilari izateko gogoa piztu zizuten irakurketak zeintzuk izan ziren?

Ez dakit irakurketa baino, marrazkia bera ez ote zen izango; egin ditudan gauza guztien hari nagusia beti marrazkia izan dela uste dut. Pixka bat puztu egin dezaket akaso, bai, baina nire txikitako oroitzapenetan beti marrazten nago, edo marrazten ikasten; nire lehen lana tailer-eskola batean marrazketa irakastea izan zen… beti mirestu izan dut ondo marrazten zekien jendea.. Umetan neukan komiki bildumarekin denbora asko eman nuela suposatzen dut, behin eta berriz irakurtzen nuen bloke itxi bat zena: Tintin osoa, Asterix osoa, Lucky Luke osoa… zaila zen hortik ateratzea. Garaiaren arabera gehiago gustatzen zitzaidan bat edo beste, baina uste dut luckylukeak marraztu ditudala gehien…

Komiki Sari Nazionala jaso berri duen Javier de Isusik bezala, arkitektura ikasi zenuen.   Baina bineten munduan sartu zara azkenean.

Javi eta biok taldekideak izan ginen arkitektura ikasten. Uste dut Javik garbi zeukala bineten aldera joko zuela. Neuk neure aldetik urte batzuk pasatu eta gero hartu nuen … agian neure burua eraikuntzaren munduan ikusten ez nuelako.

Orduan ez nintzen oso kontzientea izan, baina garai hartan Javik “La pipa de Marcos” argitaratu zuen, eta niretzat bultzada bat izan zen… gogoan dut komikia kaleratu eta berehala deitu niola, ilustrazioan aritzeak suposatzen zuena azal ziezadan. Geroago harremana galdu genuen, estudioa utzi eta Latinoamerikara bidaiari joan zenean. Javi bezalako hurbileko norbaitek komikia argitaratu izanak, noski, marrazkia lanbide bat izan zitekeela  pentsatzera bultzatu ninduen…

Mendia presente izan duzu beti zure ibilbidean. Nondik dator lilura hori?

Oso garai eroa izan genuen. Pirinioetara sarri ihes egiten genuenen, etxez aldatzea pentsatzera iritsi ginen ere…
Sokaz loturik ez dut sekula mendirik igo. Baina uste dut beti izan dudala mendiaren ikuspegi erromantiko bat; hemen behean egiten ez ditugun gauzak egiteko leku aproposa bezala ikusten genuen: trastakeriak  zein orduak izarrei begira egoteko lekua zen. Hala ere, nire hogeiak ia-ia harri bat zapaldu barik eman nituen… Hala ere hanka bat mendian eta bestea marrazkietan zeukaten pertsonaienganako lilura beti sentitu dut:
Lehen pirineisten ilustrazio zoragarriak: Russell, Schrader, Ramond…, edo Eduardo Martinez de Pison esaterako, oin bat mendian eta bestea irudietan. Marrazki horiek komikiaren ikuspegitik birsortzea eta  arlo horretan espezializatzeaz nuen ametsa; Tintin Tibeten bezalako marrazkiekin gainera (ia ezer ez!).

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena lamina-3.jpg da

Gure kulturan betiere oso presente dagoen gaia da, baina ez du jarraipen handirik izan medio honetan (komikietan)

Bai, eta orokorrean bibliografia oso mugatua da, amateur samarra batzuetan. Dokumentazioa bilatzen nuenean edo mendiari buruz irakurtzen nuenean, erreferentziazko marrazkilari baten falta sumatu nuen. Normalean, marrazketa gustuko zuten mendizaleak zirelako, edo alderantziz, mendiarekin zuzeneko kontakturik ez zuten marrazkilariak zirelako. Denborarekin, jakina, konturatu naiz bazirela, baina nik ezagutzen ez nituenez… garai hartako erreferente argi bat, Samivel izan zen niretzat.

Zure lanean funtsezkoa izan da mendi gaietan espezializatutako Sua argitaletxearekin harremana izatea. Nola sortu zen harremana?

Nik El mundo de los Pirineos eta argitaletxeko horretako liburu klasikoenak irakurtzen nituen, batez ere Miguel Angulorenak: Pirineos: 1000 ascensiones… Deigarria zen nire ustez aldizkarietan ia marrazkirik ez egotea, ezta tira komikorik, ezta txiste betegarririk. Imajinatzen nuen marrazki bat orrialde horietan argitaratzea zer suposatuko zuen… Mendiko material grafikoa sortu nuenean, portafolio bat bidali nien. Horrela kontaktatu genuen. Marrazki batzuk gustatu zitzaizkien (beste batzuk ez), eta haiekin argitaratzeko aukera eskaini zidaten (beraz, Sua argitaletxearekin beti eskerturik izango naiz).

Euskal Herria eta El mundo de los Pirineos aldizkarietan argitaratzen hasi zinen.

El mundo de los Pirineosen orri beteko irudi batekin hasi nintzen, eta Euskal Herrian, berriz, orri bateko lau binetako tira komiko (ahalegin) batekin. Orduan konturatu nintzen zein berde nengoen eta zenbat kostatuko zitzaidan tonu eta estilo propio bat aurkitzea…

Gero, Oxigeno aldizkarian argitaratzen hasi zinen, eta beste erregistro batzuetako kolaborazioak ugaritu zenituen.

Oxigeno aldizkarikoekin 20. zenbakia argitaraturik zeukatenean jarri nintzen harremanetan. Argitalpen berria zen, eta une horretan, oraindik eduki berriak sortzen ari ziren.
Niretzat, makina bat marrazki sortzeko aukera izateaz gain, ilustrazio-eskola bezala erabili nuen aldizkaria (oraindik ere, eskola izaten jarraitzen du). Beti mendiaren bueltan eta bidaiekin loturik, era askotako gaiak jorratzeko aukera itzela aurkeztu zitzaidan zait: basoak, ozeanoak, mendiak, erretratuak (Messnerretik hasi eta Jane Goodall edo Thoreauraino)… hainbat formatuetan gainera: erreportajeak, goiburuak, argitaletxe-ilustrazioa…
Oraindik ere orduko izpiritu jostariarekin segitzen dugula uste dut.

Oxigenorentzat lanean ere, Amudsenen komiki-biografia bat eta Everestera ere hurbildu zinen

Bai. Haien proposamenari jarraituz, aldizkariaren erdiko orrialdeetarako komiki txiki bat sortzea deliberatu genuen, Maurice Wilsonen istorio bitxia kontatuz; Everestera hegazkinez iristen saiatu zen Maurice, edo gutxienez gailurrera ahalik eta gehien hurbildu nahi zuen, azken zatia oinez amaitzeko. Orain orrialde haiek ikusten ditut eta izan nuen ausardia dela eta beldur pixka bat ematen didate, (nahiz eta orain egiten ditudan gauzekin ere, gauza bera gertatzen zaidan). Baina horrela jarraitzen dugu, Amundsenen mendeurrena ospatzeko, berriz ere zortzi orrialdeko komiki bat egin genuen.


Kasu bietan gidoia zeuk garatzen duzu. Nola egin diozu aurre erronka berriari?

Gidoia sortzea erronka zen, hala da, baina baita marrazkiak egitea ere. Ez da gauza bera komiki-tira edo ilustrazio bakarra sortzea, edo istorio luze bat binetetan kontatzea… Ahalik eta elementu gutxiekin saiatzea erabaki nuen, orrialde bakoitzak tamaina bereko sei bineta izango zituen eta gidoia binetetan kokatzen nuen narrazio bat zen. Komiki bat baino gehiago, testuarekin lagundutako ilustrazioak ziren. Pentsatu nuen minimo horietatik abiatuta elementu berriak sartuko nituela behar nuenean (globoak!?), eta aurrera egin ahala “Nola konpon dezaket hau?” galderari erantzuna emango nion.

Simon Eliasen “A pie de via” izeneko artikuluak ilustratu zenituen.

Bai, hau ere Oxigeno aldizkarian. Ordura arte editorial zutabeak ilustratzen nituen, normalean gai librea izaten nuen (pagotxa zen hori); baina horrez gainera, Simonen artikuluaren ondoan ilustrazioak egitea proposatu zidaten. Simon aldizkarian kolaboratzaile gisa sartu eta berehala izan zen hori; A pie de vía izena zuen sailak. Artikuluari ondo zetorkion tonua aurkitu behar genuen, eta niretzat erronka berri eta handi bat izan zen, istorio zehatz bat ilustratu behar izatea, esan nahi dut. Bestalde, pozarren hartu nuen enkargua Simonek idazle gisa egindako lana ezagutzen nuelako – Eta asko gustatzen zitzaidan – (Azaletik baino ez nuen ezagutzen alpinista gisa egina zuen ibilbidea). Uste dut bere artikulu eta testuek mendiaren mundutik haratago doazela, eta batez ere mendiko literaturan oso gutxi erabiltzen diren bideak jorratzen dituela.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena lamina-2.jpg da

Ondoren, zuen arteko lankidetza komikiak elkarrekin egitera zabaldu zenuten.

Oxigenori proposamena luzatu genion. Artikuluaren lankidetza ondo zihoan eta zerbait luzeagoa eginez gero ere, ondo funtzionatuko zuela pentsatu genuen. Ez genuen ezer zehatzik buruan. Coloradoko kanoian istorio bat kontatzen hasi ginen, biok Blueberryren jarraitzaile amorratuak baitgara; nire kasuan komikia irakurtzetik haratago ez naizen joan arren. Eta egunen batean, oraindik amaitu gabe dugun Western bat bukatzea lortuko dugula espero dut: Kanoi barruan eta Porrotaren balioa izena daraman saila. Simonentzat ere lehen gidoiak ziren (gogoan dut lehenak binetetara nolabait egokitzen genituen testu luzeak izan zirela, inolako elkarrizketarik gabe). Gure apustua “ikusiko dugu nola konpontzen dugun hau, baina egin dezagun” zen eta bineta ilustratuen formatuarekin jarraitu genuen. Bestalde, uste dut formatu horretan sentitzen naizela gustuen. Ederto pasatu genuen, bai, baina gerrilla espiritua duen dedikazio bat ere badugu, eta emanaldien arteko geldialdi luzeak izaten genituen…

Alpinist aldizkarirako sortu zenuten M. Poireau pertsonaia, aurrerago Oxigeno aldizkarian erabili zenutena.

Alpinist mendi-aldizkari ospetsuarekin jarri nintzen harremanetan; itxura grafikoa asko zaintzen zuten, marrazkiak sarritan argitaratzen zituzten, bai barruko orrietan bai azaletan. Deigarria iruditu zitzaidan. Orrialde bakarreko komiki egitea proposatu ziguten, eta Simonek Monsieur Poireau pertsonaia sortu zuen; Porru jauna, Chamonixeko Gidarien Konpainiako berrogeita hamar urteko mendi-gidari bat (“badira hogeita hamar urte mendiko gidaria naizela, hotzak poztu egiten nau, gustukoa dut bizitzan pedernala bezain titiburu gogorrekin ibiltzea“, horrela aurkeztu zuen bere burua pertsonaiak). Alpinist aldizkariko kolaborazioa puntuala izan zen, baina pertsonaiak harrapatu egin gintuen eta Oxigenokoek interesaturik zeuden berriz gurekin kolaboratzeko, eta Alpinisten argitaratu ondoren hilabete gutxira berriro bueltatu ginen aldizkarira, formatua mantenduz. Argitaratu dira dagoeneko seriearen 20 istorio. Eta horretan gabiltza, frogak eginez beti ikasten. Formatuak asko baldintzatzen du narrazioa; 16 bineta txiki dira orrialde bakoitzeko, beti lez globoak ia ez ditugu erabiltzen; azken aldian ia elkarrizketarik gabeko gag-aren  estiloa esploratzen ari gara.

2014an Trailrun aldizkaria sortu zen. Horretan ere parte hartu zenuen.

Oxigenoren “ahizpa” da. Nahiko naturala izan zen dena, erredakzio partekatua baitzuten.  

Lan ezberdinak tartekatu zenituen ondoren, Balmasedako Gerra Zibilari buruzko komiki labur batetik hasi eta Alex Txikonen liburu batera arte.

Bai. Balmaseda 1937 memoria elkartearen proiektu bat izan zen, formatu xumekoa, baina aldi berean, oso proiektu interesgarria. Balmasedan gerrako pasarteak berreskuratzea zen helburua. Normalean, tebeo baten orrialdeak amaitzen ditudanean, beti nahi izaten dut orrialde guztiak berriro marraztea, baina oraingo honetan justifikatuta zegoen, proiektuan aurrera egin ahala informazioa eta testigantza berriak agertzen zihoazelako. Asko luzatu zen, baina egunen batean moztu eta amaitu beharra zegoen. Hala ere inoiz proiektura itzuliko gara. Grafikoki oso interesgarria izan zen proiektua, mendietan esku handiak zituzten uniformedunak marraztea zelako (hasiera batean Kolitzako batailan kokatuta ego zentratuta egongo zen).
Txikonen liburua Suaren eskutiksortu zen Everesteko komikia amaitu eta gutxira. Unai Ormaetxeak euskaraz idatzitako liburu ilustratua da, eta Alex Txikon du protagonista. Nire ustez, liburua ilustratuz ez naiz komikiak egiten bezain arrotza sentitu, nire saltsan baizik.

2017an izan zenuen Bilboko Mendifilm jaialdiarekin harremana.

Ezagutzen nuen jaialdia, baina ez nintzen haiei idaztera animatu, hain gertu izanik ere… baina azkenean bai, animatu nintzen. Mendifilm jaialdiak mendiaren gaia gainditzen zuela iruditu zitzaidan (adibidez, oso deigarria izan zen Clint Eastwooden “Licencia para matar” 2014ko jaialdiaren kartela). Lehen urte horietan eszenografia bat proiektatu genuen inaugurazio egunerako, jaialdiaren hamargarren urteurrena zela aprobetxatuz. Beste aspaldiko ideia batzuk ere berriz agertu ziren eta horietako bat euskal alpinismoari buruzko komiki bat egitea izan zen…

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena lamina-10.jpg da

Urtebete geroago Ramon Olsasagastirekin batera, Everest, Herri oso bat gailurrean komikia sortu zenuen.

Hala da bai. Nire ustez, aspalditik zuten komikia sortzeko asmoa, baina urte hartan hainbat faktorek bat egin eta proiektua aurrera atera zen… Mendifilmen oso argi zuten gidoilaria Ramon Olasagasti izango zela, eta baita euskal alpinismoari buruz jorratu behar genuen lehen komikiaren gaia 1980ko igoera izan behar zela ere.

Komiki horretan Everest mendian gailurra egin zuen lehen euskal espedizioaren istorioa azaltzen duzue

Beste garai bateko espedizioa izan zen, oraindik ingeles, poloniar… aitzindari guztien izpiritua zuena: oso talde handia eta hierarkizatua izan zen, batez ere gailurra egitearen garrantziaz jabe zena, gailur hori zeinek zapaltzen zuen horrenbeste kontuan hartzen ez zuena… batek gailurra lortzen bazuen, talde osoak gailurra egin zuenaren iritzia zegoen. Karga sinboliko itzeleko igoera izan zen, euskal alpinismoaren mugarria, noski.

Zelakoa da gidoilariarekin harremana?

Bi hasiberri gara binetak eginez. Ramonen lehen gidoia ere bada. Ping-pong partidaren erritmoan egiten dugu lan. Ramonek gidoi oso irekiak idazten ditu. Lehendabizi berak bidaltzen dit testua, ondoren nik zirriborroak egiten ditut. Itzultzen diot berriz eta emaitza bateratzen dugu. Horrela, batetik bestera dabil gero eta gehiago zehaztuz doan zirriborroa. Normalean bi zirriborro izaten ditugu eta azken bertsio bat tintara pasatzen dut. Nik trankil-trankil marrazten dut beti, ze badakit Ramon ondoan daukadala beti, zalantza teknikoak zein estilokoak, zuzendu eta bideratzeko.

Orain arteko kolaborazioak baino askoz luzeagoa da lan hau. Asko aldatu da lana egiteko modua?

Bat-batean baietz erantzungo nizun “asko aldatzen da, bai”, baina benetan uste dut ez dela hainbeste aldatzen. Lan-metodoa berbera da beti, baina honetan tebeoaren orrialde guztiak  gutxieneko planifikazio batez eramaten saiatu naiz.

Liburua alpinismoaren jarraitzaile diren irakurleak baino urrunago heldu da.

 
Hasiera batean, liburua irakurle mendizale batentzat zela pentsatu genuen, baina uste dut kontatzen denaren garrantzia hainbestekoa dela (asko edo gutxi, denok ezagutzen dugun gai da), ze, agian, komikia zirkulu horretatik  ateratzea lortu dugula. Lan hobea edo okerragoa izanda ere, dokumentu gisa geratuko den liburua da. Liburuak, batzuetan, kutsu didaktikoa badu, igoera bertatik bertara ezagutu ez zuen gazte publiko batentzat pentsatua, instituturen batean irakurketa liburu bezala erabili izan dutela badakit.

Ondorengo lana asmo handiagokoa izango duzue: Iñurrategi anaien eskalatzaile ospetsuen bizitzaren errepasoa.

Everesteko euskal igoera zein Iñurrategitarren ibilbidea marrazkietan islatzea suposatzen zuen mendizale komunitatearekiko erantzukizunean gehiegi ez pentsatzen erabaki nuen; batez ere gehiegi larritu eta ez abailtzearren….

Testuak idazteko Baltístan Fundazioko kideekin elkartu zineten; harreman berezia daukate Iñurrategitarrekin.

Hasiera batean Baltistan fundazioak Felix Iñurrategi-Baltistan izena zeukan, Felixen omenez; bi anaiek urteetan zehar euren konpromisoa hedatuz joan zirelako, eta fundazioak aurrera eraman nahi zituen proiektu guztiak gauzatzen joan zirelako. Oso lotura berezia izan dute anaiek Balti herriarekin. Nik, gainera, Ramonen bitartez lehen eskutik ezagutu ahal izan dut dena, gurean, Euskadin, fundazioko jardueretan sartuta baitago.

Gorago aipatu dugunez, Everestek orrialde-kopurua handitze bat ekarri zuen, baina oraingo honetan obraren luzera bikoiztu ere egin duzue.

88 orrialde marraztuta… Iñurrategitarrek ibilbide luze bat dute kontatzeko. Eta Ramonek batzuetan damu izan du tintontzian igoera batzuk utzi behar izanak (barreak).

Dokumentazioaren ikuspegitik kontakizun zehatzago baten aurrean gaude, baliabide berriak garatu behar izan dituzue anaien balentria desberdinak azaltzeko, denborekin jolastuz.

Everest kontakizun linealago bat izan zen: hurbilketa-saiakera-tontor, hau da igoera klasikoaren estrukturarekin. Bi liburuen helburuetako bat jarduera alpinoak dokumentatzea izan dela ahaztu gabe, Iñurrategitarren liburuan Ramonek hainbat jauzi egin ditu denboraren erabileran: Alberto da, 2017tik, igoera baten aurreko uneetan istorioa kontatzen duena; Shazia, fikziozko pertsonaiarekin batera. Pertsonaia horretaz baliatzen da Baltistanekin lotutako gai guztiak jorratzeko eta, ondo diozun bezala, denborekin olgetako.

Oraingo honetan, Felipe H. Navarroren laguntza izan duzu; koloreaz gain, lanaren errotulazioaz ere arduratu da.

Felipek aspalditik neukan fitxatuta, bere lana asko gustatzen zitzaidan eta sareetan jarraitzen nuen. Gerra zibileko komikian errotulazioarekin lagundu zidan, eta nik gertutik jarraitzen nuen bere kolorista lana ere, uste nuen bere koloreztatzeko modua ondo gera zitekeela nire mendietan. Ez dut uste serioegi pentsatu nuenik egunen batean elkarrekin zerbait egin ahal izango genuela. Mendifilm eta Sua argitaletxeak ere anbizio handiagoa erakutsi dute Iñurrategiren proiektua planteatzeko (euskarazko itzulpenarekin ere bai, Ander Izagirreren laguntzarekin), eta orduan heldu zen Felipe proiektuaren parte izateko aukera. Zer esango dut ba… haren koloreek nire marrazkiei dimentsio berri bat eman die.

Nolakoa izan da obra sortzeko prozesua?

Iazkoa zaila izan da guztiontzat. Ramonek eta biok uda aurretik prestaturik genuen zirriborro batean abiapuntu jarri eta aurrera egin genuen.  Ondoren tintaz marrazten hasi, eta Felipe, berriz, koloreztatzen. Azken esprinta oso luzea izan da, eta astean hamar orrialde egiten saiatzen ginen. Konfinamendua pixka bat lasta izan zen urtean zehar, baina azken uda oso arraroa egin zitzaidan, komikigintzan bete-betean zentraturik, ia obsesiboki, bizi izan nuelako. Bestela ez genuen garaiz amaituko.

Nola dokumentatu zara?

Gaur egun batez ere interneten arakatuz, normala denez. Suarekin egindako lehen marrazkietarako, oraindik mendiko liburuak erabiltzen nituen (nire liburutegia ziztu bizian handitzen saiatu nintzen), mapak eta baita argazki propio batzuk ere erabili izan ditut (ez zait gustatzen mendian nabilelarik arreta galtzea, argazkiak egitea karga bat iruditzen zait, eta marraztea gauza bera… Uste dut batzuetan buruz ezagunak nituen mendiak buruz marrazten nituela). Pirinioetarako dokumentazioa ondo ezagutzen nuen  espazio bati buruzkoa zen… baina Oxigenoarentzat marrazten hasi nintzenean, informazio guztia Interneten bilatzera pasatu nintzen. Irudiek mendien ikuspegi partziala ematen dute beti, baina ezinezkoa litzateke Antartika edo Hegoafrikako paisaiak beste era batean dokumentatzea, adibidez…

Everest eta Iñurrategi komikietarako beti esku-eskura garai hartako argitalpenak izan ditut; Felipe Uriarteren “Vascos en el Everest”, eta Iñurrategi anaien libururako, “Gure Himalaya” eta “Hire Himalaya”. Liburu hauetan, badira mitikoak dira irudiak eta ezinezkoa zen horiek saihestea. Iñurrategi anaien gaineko informazio ugari dago Youtuben ere, Euskal Telebistarako espedizio batzuk ere grabatu zituztela uste dut. Nolanahi ere, Ramon, kontu hauetan, nire gurua da, beti pasatzen dit behar dudan material guztia. Esate baterako, Baltistani buruz, nik sekula aurkitu ezin izango nituen dokumentuak lortu zizkidan, edo bigarren mailako pertsonaia baten argazkiren bat bila banenbilen lortzen zidan. Kasu horietan Albertoren laguntza ere izan dugu, bere artxiboan irudi bilaketak egiteko.

Liburua denbora errekor batean agortu zen.

Batez ere euskarazko edizioa. Everestekin ere gertatu zen, bigarren edizio bat atera behar izan zen ziztu bizian erregeetara iristeko. Oso gai maitatuak dira, bereziki aurten Iñurrategi anaien gaia, hortaz liburuaren aurkezpenean eta sinadura-saioetan batez ere jabetu nintzen ( orduan bizi genuen egoera izanda ere). Kontuan izan behar da, halaber, liburua funtsezko data batean atera zela, Durangoko Azokaren bueltan, eta Mendi jaialdia Bilbon ospatu zela Gabonak baino bi aste lehenago…

Liburuak 3.000 aleko tirada izan zuen, gure inguruko komiki sektorean ohikoa izaten den baino tirada altuago bat da, baina hala ere, badirudi komiki-munduan ez duela oihartzun berezirik izan.

Komikia, Mendi jaialdi eta Suako irakurleen zirkulotik atera den arren, nagusiki mendi-zirkuitura bideratu da. Aurten Fnacen edo Elkarren liburu salduenen zerrendan ikusi badugu, Iñurrategitarrek interes handia pizten dutelako izan da. Hala ere, bildumak, jarraitzekotan, komikizaleen zirkuluan barneratzea espero dut, edo mendiarekiko interesik ez duen beste publiko bat liburuen irakurle potentziala izatea. Oso goian helburu jarriz, Taniguchiren “Jainkoen gailurra” bururatzen zait eredu gisa. Gogoan dut mendi irudien bila nenbilenean irakurri nuela eta edonorentzat interesgarria izan daitekeen istorio zoragarri batekin t egin nuela topo. Uste dut horretan gabiltzala proiektuan sartuta gauden guztiok.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena 00_llaguno37.jpg da

Horrelako lanen bat in situ (mendian) egitea inoiz pentsatu duzu?

Burura datorkit Ramon, Everesteko iparraldeko aurpegian, Alberto Iñurrategiren espedizio batean egon zela (Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarekin batera), espedizioa kanpaleku nagusitik dokumentatzen. Bidaia polita izango zen, noski. Baina bestalde… oso zaila dirudi. Pentsa, ez nago batere eroso kalean marrazten, nire mahaia eta inguruak gustatzen zaizkit… informazioa biltzen dut gero marrazteko… baina horretara ere ohitu egingo nintzateke, ziur.

Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Marrazketaren munduarekin modu batera edo bestera lotuta, marrazten, irakaskuntzaren munduan… nahiz eta neure burua beste era askotan ere ikus dezaket (barreak), baina beti orri  baten gainean zirriborroak egiten.

Proiektu berririk bai?

Ziur asko euskal alpinismoaren mugarri enblematikoen inguruan lanean jarraituko dugula… Mendiarekin zerikusia duen beste proiektu batean ere sartuta nago, Feliperekin batera (badirudi gustua hartu diola). Simon Eliasekin aldiz “El valor del fracaso” proiektuari berriro heltzea gustatuko litzaidake, eta oso-osorik dena bermarraztea, oraindik marraztu ez ditudan bi zatiak bukatu eta, ondoren, liburu itxura ematea. Batzuetan, erabat sinetsi gabe komentatzen dugun arren, horrela hasi ginen Everestekin…

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.